Mozal legea aplikatuta isuna ezarri diotela salatu du Mugimendu Feministak

Baleike 2018ko mai. 11a, 22:06

Aspaldi ikusi gabeko manifestazioak izan ziren Zumaian martxoaren 8an, Emakumearen egunean. Bai eguerdian bai arratsaldean jendetzak hartu zuen parte Mugimendu Feministak deitutako ekitaldietan. Ekintza horiek izan dute bere alde negatiboa, izan ere, bi une horietan egindako mobilizazioengatik isunak jaso dituztela adierazi du gaur Mugimendu Feministak, “Zumaiako arteria nagusia moztu” izanagatik, alegia.

Udaltzaingoaren aurrean egin dute agerraldia "Mozal legearen" aplikatze hori salatzeko. Gogoratu dute martxoaren 8ko egun horretan ez zela inolako arazorik egon "hainbeste herritar elkartuta argazkia ateratzeko elkartu ginen unean. Eta guztiok ikusi genuen moduan, Udaltzaingoak trafikoa bideratu zuen, inolako momentutan inor ez zen gerturatu ezer esatera. Gainera, arratsaldeko manifestazioan, aurreikusitako bidea jarraitu zen inolako aldaketarik gabe, txostenean jasotzen denaren aurka. Zarauzko Ertzainetxean egindako txostena dela jartzen badu ere, momentuan bertan Zumaiako Udaltzaingoa bakarrik zegoen bertan".

Ekitaldian hiru puntu nabarmendu dituzte. Batetik, ez dutela isuna ordainduko, "isunaren oinarrian dagoen legea bera zilegia ez dela ulertzen dugulako eta egun horretan egindako mobilizazioek inolako zigorrik merezi ez dutela uste dugulako". Gero, Zumaiako Udalari eta Udaltzaingoari eskatzen diote isun honen harira azalpenak eman ditzaten. "Duela denbora gutxi Zumaiako Udaleko alderdi politiko guztiak herritar bati Mozal Legean oinarritua jarritako isunaren aurka aurkeztutako idatzia adostu zuten. Zergatik eman diozue bide oraingoan mugimendu sozialen eta eskubide zibil eta politikoen aurka diseinatutako legeari?". Amaitzeko, maiatzaren 17an egingo den udal-plenora gai hau eramango dutela ere aurreratu dute, eta herritar orori dei egiten diote egun horretan plenora hurreratu daitezen. 

Beraien lana "oztopatzeko intentzioz" ari direla uste du Mugimendu Feministak. Beraien esanetan, mugimendua "inoiz baino indartsuago" dago, eta iragarri dute maiatzaren 19an tren estaziora bideko tunela berriro margotuko dutela, "Berriro margotuko dugu emakumeok* herriko puntu beltz moduan definitutako pasabidea". 

Hemen duzue gaur irakurritako idatzia:

Isuna Dela Eta Irakurketa by baleike on Scribd

Hemen duzue ezarritako isunaren komunikazioa:

Martxoak 8: Isunaren txostena by baleike on Scribd

Hemen duzue ekitaldiko bideoa:

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide