Asteartetik aurrera, maskarak erabiltzea gomendatu du Espainiako Gobernuak

Baleike 2020ko api. 12a, 10:30

Orain arte geldirik egon diren milaka langile lanera itzuliko dira asteartean. Horren aurrean, jende pilaketak gertatzen diren lekuetan nahiz segurtasun neurriak bete ezin diren guneetan maskarak janztea gomendatu du Espainiako Gobernuak.

Bi asteko geldialdiaren ostean, erabat beharrezkoak ez diren lan jarduerak martxan jarriko dira berriro asteartean, eta beraz, milaka langile lanera itzuliko dira. Egoera horren aurrean, maskarak erabiltzeko gomendatu du Espainiako Gobernuak. Ez da derrigorrezkoa izango maskarak janztea, baina jende pilaketak gertatzen diren lekuetan soinean eramatea gomendatu dute; besteak beste, garraio publikoan eta segurtasun tartea berma ezin daitekeen lanpostuetan. 

Orain arte, sintomak zituzten herritarrei soilik gomendatzen zieten maskarak erabiltzea, baina Espainiako Gobernuak irizpidez aldatu du, sintomarik ez duten gaixoek ere COVID-19 gaitza kutsa dezaketela baieztatu ostean. Dena den, herritarrentzat gomendatzen den maskara ez da, ez kirurgikoa —osasungintzako langileek erabiltzen dutena—, ez iragazkiduna —gaixoekin lan egiten dutenek behar dutena—. Horiek baino sinpleagoa da.

Eskuak sarri garbitzea eta segurtasun tartea mantentzea beharrezkoak direla ere gogoratu du Espainiako Gobernuak. Era berean, oinez, bizikletaz edo norbere ibilgailuan mugitzerakoan maskarak erabiltzea ez dela beharrezkoa adierazi dute. Izan ere, kasu horietan ez dago segurtasun neurria mantentzeko arazorik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide