EH Bilduren erabilera politikoa, udaltzainen lan eskaintza bateratuan

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2025ko mar. 5a, 09:10

Udaltzainen kontratazio bateratua egitearen helburua, funtsean, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean euskal polizia legea aldatzeko gehiengorik lortu ezin duenez, alkatetza duen herrietan bere eredu poliziala inposatzea da.

Lehenik eta behin, Zumaiako udaltzainei babesa eta egiten duten lanaren aitortza eman nahiko genieke, azken asteetan egiten ari diren adierazpen ezberdinak direla eta.

Garbi dago auzi hau politikoa dela, eta ez administratiboa. Ez dauka zer ikusirik Zumaiako udaltzainen lan eskaintza estaltzearekin, ez baitu Arkautik dagoeneko eskaintzen duenarekiko ezer berririk eskaintzen.

Arkautiko eredua balorean jarri eta defendatu nahi dugu. Erakunde erreferente bat da formazioan eta aukeraketan; eredu bateratu eta homogeneoa ezartzen du erkidegoko polizia eta udalerri guztientzako. Alderdi humanista gara, segurtasuna herritarren oinarrizko eskubideen berme bezala ulertzen dugu, eta zumaiarrei kalitatezko segurtasuna bermatu behar zaiela uste dugu; izan ere, segurtasuna euskal gizartearen kezka nagusienetako bihurtzen ari da. Arkautin eskainitako formakuntzak gure herri guztietako gizon eta emakume polizia guztiak maila eta irizpide profesional berdinekin formatuak eta hautatuak izan direla bermatzen du.

Baliabide publikoen erabilera eraginkorra aldarrikatu nahi dugu. Kontratazio prozesu hau ez doa Arkautik duen modeloaren kontra bakarrik, udal baliabideen erabilera eraginkorren kontra ere badoa. Izan ere, kontratazio prozesua Arkautik kudeatzeak Zumaiako udalari lan karga handi bat kentzen dio oso konplexua den hautaketa prozesu batean. Zumaiarrok ordaintzen ez genuen prozesu bat, ordainduko dugun prozesu bat izatera igarotzen da.

Bestalde, lan eskaintza honek ez du ezarri zaion gertutasunaren helburua bermatzen, edonor aurkeztu daiteke edozein herritatik. Beraz, alde batetik, hitz polit batzuen bidez eredu polizial alternatibo bat aldarrikatzen du EH Bilduk inolako zehaztasun edo neurri konkreturik aurkeztu gabe; eta bestetik, lan eskaintza martxan jartzen da, baina oinarriak ez dira aurkezten.

Horrelako lan eskaintzek oztopoak eta mugak ezartzen dituzte herrien artean, eta langileengan ziurgabetasuna besterik ez dute sortzen. Konpondu nahi dena okertu egiten da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide