Zumaia, euskal txirrindularitzaren bilgunea izango da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko ots. 23a, 10:07

Aitor Olaziregi

Urtero bezala, Zumaian estreinatuko da txirrindularitzako errepideko denboraldia. Elite eta 23 urtez azpikoen Zumaiako lasterketak 10. urtez emango dio hasiera Hego Euskal Herriko denboraldiari. Ohiko ibilbidea izango du lasterketak: 112 kilometroko luzera osatuko dute bertaratuko diren 170 txirrindulari inguruk.

Azken urteotan Espainiako Koparen hasierarekin bat egin du Zumaiako lasterketak, 25ean Don Beniton (Extremadura, Espainia) Espainiako kopako lehen lasterketa jokatuko baita. Ondorioz, afizionatu mailako euskal talderik indartsuenak,  Ampo, Eisser, Caja Rural edo Lizarte, bitan banatu behar izaten dira bi lasterketetan ordezkaritza izateko.

Aurten ere Euskaldun torneorako puntuagarria izango da Zumaiako lasterketa. Karrera hau oso maitatua da txirrindularien artean, ez baita egutegian Zumaiako lasterketaren ezaugarriak dituen beste parekorik. Sprintean bukatzen den lasterketa da. Sailkapenari begiratu eta aurreko bederatzi urteetako karreretan profesionaletara pasa den ziklista asko eta asko izan da onenen artean Zumaian. Nabarmentzekoa 2015eko edizioa izan zen. Urte hartan lehenak izan ziren lau txirrindulariak egun profesionaletan daude: Dani Lopez (Burgos Bh), Jon Irisarri (Caja Rural-Seguros RGA), Peio Goikoetxea  eta Juan Antonio Lopez Cozar (Euskadi Fundazioa).  Azken bi urteetan Julen Amarika (Aldro) izan da garailea; aurten ere parte hartzaileen artean izango da nahiz eta taldez aldatu duen, aurten Telcom taldearekin etorriko da.

Bertako txirrindulariei dagokienez Aitor Olaziregi parte hartzaileen artean izango da. Ampoko txirrindulari zumaiarra gogo handiz ari da lanean erabat ahaztu nahian aurreko bi denboralditan buruhauste handiak eta osasun arazoak sortu dizkion mononukleoasia eta zitomegalobirusak menderatuta. Hala ere, lasterketetako erritmoa berreskuratzea kosta egingo zaio, ahaleginean da buru belarri lanean. Zumaian taldekideentzat lana egitea izango da bere helburua, ez baita esprinterra. Unai Iribar lehengusu eta taldekidea izan daiteke bere abiadura puntuarekin bere aitaren herrian pelotoiaren aurrean sar daitekeen txirrindularietako bat. Amporekin ere Ilart Zuazubiskar etorriko da Zumaiara; pistako munduko txapelketa aurretik korrituko duen azken lasterketa izango da.

Badira bete bi txirrindulari Zumaiako Viveros San Anton taldean eginak eta larunbateko lasterketan izango direnak: Gorka Etxabe eta Jon Agirre. Gorka Etxabek Eulen taldearekin parte hartuko du. Aizarnazabaldarrak ere, maiatzetik bakean utzi ez duen mononukleosia ahaztu nahian, 2018ari aurre egin nahi dio. Aurreko bi urtetan 20 lehenengoen artean sailkatu da Zumaian. Jon Agirrek aurten Baque-Ideus-BH taldeko elastikoa jantziko du. Agoteko arroarrak bere gorpuzkeragatik errepidea tentetzen denean luzitzeko aukera izango du. Ez da hori Zumaiako lasterketaren ezaugarria, beraz, lanerako izango da Zumaian, kontutan izanda Angel Fuentes taldekidea oso indartsu dagoela aurreko asteburuan Almagron irabazita. Oier Ibargurenek ere badu sprinter sena eta aurrean ibil daiteke.

Zumaiako lasterketa goizeko 10etan hasiko da eta 12:45 aldera irabazlearen izena ezagutuko da. Ikusteko ere lasterketa polita da: zeharbidetik bi itzuli eman ostean Zakila Birari sei itzuli emango dizkiote. Beraz, herrian bertan zortzi aldiz ikusi ahal izango dira ziklistak; ez da ohikoa izaten karreretan hainbeste aldiz txirrindulariak ikusi ahal izatea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide