Gauzak bere onean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mar. 18a, 12:00

Lan ona egin zuten  kadete eta jubenilek Zarautzen eta Mutrikun jokatutako lasterketetan; taldekide guztiek lasterketak bukatzea lortu zuten.

Zarautzen, larunbat goizean, 45 kilometro eta erdiko ibilbidearekin, eta amaieran Muniosorotik Meaga igo behar izan zutelarik, Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek aurpegia eman zuten. Baina, kopuruz beraiek baino lau aldiz gehiago diren Limousin edo Caja Rural bezalako taldeen aurka ezin izan zuten erremate ona eman. Iker Eizagirre izan zen taldeko onena 48. tokian sailkatu zen; Danel Beristain eta Beñat Sainz batera helmugaratu ziren; 65. eta 66. postuetan sailkatu ziren, eta  eta Lizar Tolosa 80.a izan zen. 

132 txirrindulari abiatu ziren, eta 85k bukatu zuten lasterketa. Azkar ibili ziren txirrindulariak: batez besteko abiadura 40,787 kilometro ordukoa izan zen. 

Juniorrek ere karrera gogor eta azkarra izan zuten Mutrikun. 80 kilometro eta ibilbidean Kalbario bi aldiz igo behar izan arren, batez besteko 40,397 kilometro orduko abiaduran osatu zuten. Erabat hautsi zen lasterketa Kalbarioko lehenengo igoeran, nahiz eta gero amaieran jendea batzen joan zen. Irabazlea Espainiako selekzioko kide den Aimar Galdos ermuarra izan zen, eta 13. posturako 24ko taldetxo bat ailegatu zen minutu eta 44 segundora. Hortxe helmugaratu ziren Eneko Aranguren, Adur Tapia eta Mattin Salegi Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak: 16. Aranguren, 30. Tapia, 32. Salegi. Zazpi minutura zeharkatu zuen helmuga marra Andde Etxanizek, 70. postuan. 131 txirrindularik parte hartu zuten lasterketan, eta 75ek lortu zuten Mutrikuko lasterketa amaitzea.

Asteburu hontan juniorrek ez dute lasterketarik, kadeteek larunbatean Mendaron dute karrera, eta Zarautzen emango diote errepideko denboraldiari hasiera kimuek eta Infantilek. 

Aitor Agirre Laboral Kutxako gazte zumaiarrak asteburu honetan Zamoran jokatuko diren bi klasiketan parte hartuko du, behin Ereñon izandako erorikotik errekuperatuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide