Kadeteen Gipuzkoako txapelketa etxean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko mai. 24a, 15:00

Larunbat goizean jokatuko da Zumaian kadete mailako Gipuzkoako Txapelketa. Zumaia Sarian parte hartze ikaragarria izango da, 200 txirrindulari elkartuko baidira Beheko plazan, 10:30ean lasterketari hasiera emateko.

Hiru Zakila bira izango dituzte eta azken itzuli horretan Iraeta herri barrutik Arroa Gora igoko dira, helmugarako bost kilometroren faltan; guztira 56 kilometro izango ditu lasterketak eta esprintean erabakiko dela dirudi. 

Zumaiako lasterketa Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindularientzat oso berezia izango da, denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenetakoa dutelako. Bertan, Unai Egaña eta Peru Calvo zumaiarrek parte hartuko dute eta heurekin batera izango dira Jon Berasategi, Jurdan Regillaga, Oinatz Etxabe, Lukas Blanco eta Amets Alberdi duten onena emateko prest. Lasterketa 12:00ak alderako erabakita izango da.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak eskertu nahi die lasterketan lagunduko duten bolondres guztiei, hauen laguntzarik gabe ezinezkoa bait litzateke lasterketa antolatzea.

Asteburu bete-betea

Kadeteek Zumaian Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute baina egun berean juniorrek Amurrion (Araba) korrituko dute Euskal Herria Torneoko lasterketa. Igandean, berriz, kadeteak Murietan (Nafarroa) izango dira eta juniorrak Aiaran (Araba) Euskal Herriko Torneoko beste lasterketa batean. Hau guztia gutxi ez, eta Inge Zumeta eta Borja Osa Barakaldon izango ditugu Euskal Herriko eskola kirolakeko jokoetan parte hartuz. 

Aratz Unanue eta Beñat Sainz

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko bi junior, Aratz Unanue eta Beñat Sainz, Gipuzkoako selekzioarekin Nafarroako Klasikan izan ziren aurreko igandean. Ibilbidearen gogortasunagatik eta parte hartzearen mailagatik lasterketa zaila zen, baina, hala ere, biek oso-oso ondo erantzun zuten. 

Beñat Sainzek ez zuen zorterik izan: lehen multzoan zihoala erorikoa izan zuen, baita matxura ere; ez zen bere eguna izan. Aratz Unanuek lasterketa bikaina osatu zuen, beti multzo nagusian lehiatuz. Helmugan Gipuzkoako selekzioko lehen txirrindularia izan zen. Biak oso maila ona ematen ari dira junior mailako lehen urtean. 

Iker Eizagirre eta Danel Beristain Anoetan izan genituen; eguraldi txarrak baldintzatutako lasterketa zinez gogorrean, Iker Eizagirre 13. sailkatu zen eta Danel Beristain 14. Taldearentzat datozen erronkei aurre egiteko pedal kolpe ona hartzen ari dira. Gogoan izan behar da une honetan maila hauetako txirrindulariak azterketak eta entrenamenduak uztartzen ari direla eta benetan zaila egiten zaiela lasterketetara asteko lanak nahi bezala eginda joatea. Txalogarria da egiten ari diren ahalegina.

Harrobia

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoenek Astigarragan izan zuten lasterketa. Beste behin podiumean izan ziren kimuetan Amalia eta Amaia Agirre ahizpak eta infantiletan Borja Osa. Igande honetan bi ordezkari izango dira Euskal Herriko Jokoetan, Barakaldon: Inge Zumeta nesketan eta Borja Osa mutiletan. Euskal Autonomia Erkidegoko infantil mailako neska-mutiko onenak batuko dira bertan.

Maite Urteaga eta Garazi Bergara

Eulen-Jira Birako txirrindulari zumaiarra, Maite Urtega, seigarren izan zen Laudioko lasterketan, baina bera izan zen elite mailako lehen txiririndularia.

Zatikako txirrindulari zumaiarrak, berriz, denboraldian lehen aldiz podiuma zapaldu zuen. Lasterketa laugarren bukatu zuen Garazi Bergarak, 23 urtez azpiko hirugarrena izan zen.

Laia Zumetak ere 13. sailkatzea lortu zuen, denboraldiko emaitzarik onena lortuz. Limousingo txirrindulari aizarnazabaldarra ari da maila berriari neurria hartzen.

Aitor Agirre eta Mattin Salegi

Laboral Kutxako Aitor Agirre egunotan Nafarroako Iitzulian da parte hartzen. Aurreko asteburuan Beasainen beste behin protagonista izan zen; eguneko ihesaldian sartu eta aparteko lana egin eta gero, helmugarako lau kilometroren faltan harrapatu eta lehen pelotoian ailegatu zen, 12. sailkatuz. Ataunen, Gipuzkoako txapelketan, bere taldekide Gari Ugartek irabazi zuen eta lana egitea egokitu zitzaion zumaiarrari. 

Mattin Salegik, bere lehen urtean, talde mutil bezala lan ikaragarria egiten ari da. Eulen-Jira Biran mutil estimatua da ez baitu huts egiten bere eginkizunetan: taldekideentzat lana egin, jaitsieretan taldea gidatu eta ihesaldietan presentzia izan. Hiru betebeherrak goitik behera bete zituen asteburuan Salegik. Ederra izan zen Ataunen ihesaldi batean bi zumaiarrak batera ikustea: Aitor Agirre eta Mattin Salegi; bitxia Beasainen Agirre ihesita eta lagunak izan arren, bakoitzak bere taldeko interesak defendatu behar eta, ondorioz, Salegik Agirreren ihesaldia helmugara hel ez zedin lana egin behar izan zuela. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide