Mutiletan, 23 urtez azpikoen mailan, Aitor Agirrek espezialista dela erakutsi du. Irabaztea nahikoa ez eta marka berria ere ezarri du. Ibilbideko 21 kilometroak Laboral Kutxako Agirrek 25 minutu eta 41 segundotan osatu ditu; aurreko marka, iaz Agirre berak lortua, 38 segundotan ondu du, orduko ia 50 kilometroko abiaduran osatuta bidea. Aitor Agirrek minutu bat atera dio bigarren sailkatuari. Aurrez egindakoa sendotu eta datorren astean Euskadiko ordezkaria izango da Espainiako txapelketan, bai erlojuaren aurka, baita iraupeneko lasterketan ere. Sasoiko dago Laboral Kutxako zumaiarra. Duranan jokatutako Euskadiko txapelketan podiuma zapaldu zuen, brontzezko dominarekin itzuli zen etxera lasterketa gogor bati erremate polita emanez. Mattin Salegik ere parte hartu zuen Aizarnazabalen; seigarren sailkatu zen Eulen-JiraBirako zumaiarra Aitor Agirre minutu eta 11 segundo atera zizkion.
Nesketan, Maite Urteaga elite mailako txapelduna izan zen: 14,5 kilometroko ibilbidea 22 minutu eta 28 segundo behar izan zituen. Eulen JiraBirako zumaiarrak lehen denboraldia du txirrindularitzan eta emaitza itxaropentsuak lortzen ari da. Garazi Bergarak ere parte hartu zuen eta 23 urtez azpiko mailan laugarren sailkatu zen.
Junior mutiletan, Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko bi txirrindulari lehiatu ziren. Biak ere lehen urtekoak izanik lan bikaina osatu zuten horrelako ezaugarriak dituen euren bizitzako lehen lasterketan. Beñat Sainz laugarren sailkatu zen, dominatik bost segundura sailkatu zen; eta Aratz Unanue seigarren izan zen.
Beñat Sainz aurreko asteburuan Gipuzkoako selekzioarekin Bretainian (Frantzia) izan da eta han 38. postua lortu zuen Nazioarteko lasterketan, oso itxura ona emanez. Egun berean, krono labur bat egin ondoren, 111 kilometroko lasterketa gogorrari egin behar izan zioten aurre: kronoan 36. izan zen eta lasterketan 43., 26.aren denbora berean.
Juniorrak Urkiolan
Taldeko beste juniorrek Urkiolako igoeran parte hartu zuten. Abadiñon hasi zen lasterketa eta Miota hiru aldiz igo ondoren, lasterketak amaiera Urkiolako gainean izan zuen. Historian lehen aldia izan da junior mailan Urkiola lasterketan sartu dena. Aurpegia lasterketan behin eta berriz erakutsi ondoren, Aratz Unanue 30. sailkatu zen, Danel Beristain 37. eta Iker Eizagirre 45. Taldeen sailkapenean, Viveros San Antonek bosgarren amaitu zuen.
Asteburu hau gogorra izango dute juniorrek. Larunbatean, Gasteizen Arabako Klasikoa jokatuko dute, 144 kilometroko karrera, 2.000 metroko desnibelarekin. Espainiako Koparako puntuagarria da eta Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak-ek gonbidapena jaso du Estatu Espainiarreko juniorrik onenekin lehiatzeko. Igandean, berriz, Eibarren Gipuzkoako Txapelketa korrituko dute. Datorren ostiraletik aurrera, berriz, Gipuzkoako Itzulia izango dute helburu.
Kadeteek aurreko asteburuan ez zuten lasterketarik izan, baina honetan atsedenik ez dute izango: ostiralean Larrabetzun Euskadiko krono txapelketa, larunbatean Etxarrin karrera eta igandean Undianon. Hauek ere prestatzen ari dira bi aste barru izango duten hiru eguneko itzulirako (Txumaren oroimenezkoa).
Harrobiko txirrindulariak denboraldi amaieratik gertu dira. Errenterian, arratsalde euritsu batean, Amaia Agirre kimuetan eta Borja Osa infantiletan bigarren sailkatu ziren; Mikel Egaña, Borja Osaren multzo berean zihoanean, eta azken itzulian sartzera zihoaztenean, erori egin zen eta ez zuen lana amaitzerik izan. Benjaminetan Denis Otañok, ihesita tartearekin zihoanean, erori eta ezin izan zuen lasterketa bukatu, denboraldiko lehen garaipenak ihes egin ziolarik. Kimuetan, Mikel Otañok, pelotoian lan eskerga egin zuen, eta amaieran ordaindu. San Pedro egunean izango dute azken lasterketa Donostian.