Hasi dute 2025ko denboraldia Aitor Agirrek eta Mattin Salegik

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2025ko ots. 7a, 17:00

Joan den asteburuko probako irudia. (Arritxu Iribar)

Asteburu honetan ere bi zumaiarrek Iparraldeko errepideetan izango dituzte lasterketak, hilaren 22an Zumaiako Sari Nagusira pedal kolpe onarekin iristeko. 

Essor Basque taldeko lasterketek estreinatzen dute urtero Euskal Herriko errepideko denboraldia, eta aurten ere horrelaxe izan da. Larunbatean eta igandean, bi lasterketa jokatu zituzten, eta bietan parte hartu zuen Aitor Agirrek Euskadi Fundazioarekin. Larunbatean Bokale Tarnose etapan 73. postuan eskuratu zuen, tropel nagusiarekin amaitu ostean. Lasterketa Gari Lagnet lapurtarrak irabazi zuen, semiprofesionala den txirrindularia bera.

Igandean Kanbon izan ziren, eta oso-oso azkar jokatutako lasterketan ere tropel nagusian sartzea lortu zuen Agirrek, 67. sailkatuta - esprinta ez da bere ezaugarririk nagusiena-. Lasterketa Frantziako txapeldunak irabazi zuen, Titouan Margueritatek, alegia. Bataz besteko abiadura ikaragarria izan zen, kontuan hartuta 110 kilometro gorabeheratsu izan zituela ibilbideak-ia 46 kilometro orduko abiaduran ibili ziren-. Multzo nagusiko gurpila azken unean galduta, lasterketa ona egin zuen Mattin Salegik ere, eta 135. postuan amaitu zuen lasterketa. Salegik Eulen Jira Bira taldearekin bideratu du denboraldia iaz bezalaxe. Asteburu honetan ere bi zumaiarrek Iparraldeko errepideetan izango dituzte lasterketak, hilaren 22an Zumaiako Sari Nagusira pedal kolpe onarekin iristeko. 

Junior mailan Beñat Sainz kirolariak pistako Espainiako Kopako hirugarren ekitaldian parte hartu zuen, 16. postuan sailkatuz. Are gehiago, Espainaiko lurralde ezberdinetako selekzioei bakar bakarrik, taldekiderik gabe eta inoren babesik gabe aurre egin behar izan dio txirrindulariak -Tafallan (Nafarroa) jokatu zuten Espainaiko Kopako saria-. Pistan, hilaren 16an Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Donostian, eta horren ondoren errepidean zentratuko da Eibarren martxoaren 2an denboraldiari hasiera on bat emateko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide