Beñat Sainz, euskal txirrindularirik onena Gipuzkoako Nazioarteko Klasikoan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar

Beñat Sainz, mailot berdearekin, Gipuzkoako Klasikoko podiumean.

Bi etapa izan ditu Gipuzkoa Klasikoak. Nazioarteko maila duenez, Europako txirrindularirik onenetakoak bertan lehiatu dira eta euskal txirrindulariek ederki nabaritu dute.

Abiadura handian jokatu dira bietapak, batez ere lautadan, garapen luzeak mugituz. Adibidez, lehen etapan, mendia hasi aurretik, lauean 47 kilometro osatu zituzten. Etapa bukaeran batez bestekoa, Larraitz, Gaintza eta Lazkaomendi gaindituta, orduko 44,4 kilometrokoa izan zen. Atzerriko txirrindulari onenek aurrera egin zutenean, azti eta indartsu ibili zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko Beñat Sainz. Lazkaoko helmugan hamabigarren sailkatu zen, hogei lehenengoetan sailkatu zen euskaldun bakarra izanik. Aratz Unanuek ere oso maila ona eman zuen eta bigarren taldean helmugaratzea lortu zuen. Lehen etapa amaitu zuen taldeko hirugarren txirrindularia Jon Berasategi izan zen.  

Bigarren etapan, metro lau bat ez zegoen, nahiz eta igoera luzeko mendaterik ere ez izan. Atzerriko taldeek hasieratik lasterketa hausteko intentzioa erakutsi zuten. Lehen kilometroetan eroriko ugari izan zen ibilbidea arriskutsu baitzegoen. Zortzi txirrindulari nagusitu ziren; ondorengo multzotxoan Beñat Sainz zihoane, ta hauengandik oso gertu Aratz Unanue. Lasterketako gorabehera batek – ez zen erori baina hanka lurrean jarri behar izan zuen – bere taldekidearen gurpiletik kanpo utzi zuen, baina erreakzio aparteko batek onenengandik oso gertu ailegatzera eraman zuen. Jon Berasategik ezin izan zion eutsi bigarren eguneko erritmoari.  

Azken sailkapenean Beñat Sainz hamahirugarren sailkatu zen. Bera izan zen lehen txirrindulari euskalduna. Aratz Unanue 27. Sailkatu zen. Gipuzkoako Nazioarteko Klasikoa Dijkman herbeheretarrak irabazi zuen, Hagen Berman Jayco taldeko txirrindulariak. Guztira, Klasikoa amaitu 78 txirrindularik bakarrik amaitu zuten. Bi egunetako batez bestekoa eginda, orduko 43,9 kilometroko abiadura atera zen. Parte hartzaileen mailagatik eta abiaduragatik, oso-oso gogorra izan da Gipuzkoako klasikoa. 

Etorkizun laburrera begiratuta, asteburu honetan jubenilek Arantzazuko igoera izango dute larunbatean, eta Anoetako lasterketa igandean. Beñat Sainzek, berriz, junior mailako Euskadiko selekzioarekin igandean Irungo afizionatu mailako lasterketan parte hartuko du, hilaren bukaeran Granadan (Espainia) jokatuko den Espainiako txapelketa prestatzeko (okerrik ezean bertan parte hartuko du). Datorren asteartean, aldiz, Beñat Sainz eta Aratz Unanue, Gipuzkoako erlojuaren aurkako txapelketan izango dira, podiumerako borrokan. Aizarnazabalen jokatuko den txapelketara Gipuzkoako rankineko aurrena eta bigarrena bezala ailegatu dira. 

Kadeteek Bergaran izan zuten erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa igande arratsaldean. Ez ziren gauzak nahi bezala atera, baina ikasteko balio izan zuen lasterketak. Igande honetan, Etxebarrin, Gaztetxoak torneoko hirugarren proba puntuagarria jokatuko dute. Euskadiko kadete guztiek lehiatzen diren torneo horretan Unai Egaña nabarmentzen ari da; sailkapen nagusiko hirugarren tokian dago eta podiumeko postuaren defentsa egingo du. Ahal bada, irabaztera korrituko du Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeak. Lehen urteko Borja Osa ere oso ondo kokatuta dago sailkapenean. Xuban Arakistain lasterketatik lasterketara hobeto dabil eta ohorezko tokietatik gertu amaitzeko gogoz dago. Amets Alberdi, berriz, aurten eman duen urratsari etekina ateratzeko prest. 

Harrobia 

Etxeko lasterketa izango dute larunbat arratsaldean benjamin, alebin eta infantilek. Denboraldiko lasterketarik urdurienetakoa etxekoa, lagunak gertu izango baitituzte. Larunbatean 16.30ean hasiko dira Axular etorbidean etorkizuneko txirrindularien lasterketak. Herritar guztiok gonbidatuta zaudete, Zumaiako Txirrindulari Elkartea etorkizunari begira egiten ari den lana bertatik bertara ikustera. 

Aurreko asteburuan Hondarribian podiumean izan ziren benjaminetan Aratz Aranburu, alebinetan Mikel Otaño eta infantiletan Mikel Egaña. Nabarmentzekoa da Mikel Otaño alebinetan egiten ari den denboraldia, lasterketa guztiak irabaziz. 

Euskadiko jokoetan ere parte hartu du Zumaiako Txirrindulari Eskolak. 20 kilometroko ibilbidea izan zuten Arroiaben (Araba) infantilek. Mutiletan Julen Alkortak zorterik ez, eta eroriko batek jokoz kanpo utzi zuen. Aimar Martinezek, berriz, pelotoi nagusian amaitu zuen lasterketa. Nesketan, Amalia Agirre helmugaratu zen pelotoian, berarengandik gertu Inge Zumeta eta Amaia Agirre. Amaia Agirre, hain zuzen ere, Euskadiko BTT selekziorako hautatua izan da; lehen ordezkoa da. Uztailaren hasieran Albaceteko probintzian jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izan lezake zumaiarrak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide