Baxakarte bertsolaria joan zaigu, gaixotasun latzaren aurkako azken borrokaldiaren ondoren. Bidezkoa izango da, bi lerro idatz ditzadan gure bertso eskolaren izenean. Izan ere, bera izan dugu Zumaiako bertsolari tradizional bakarra, Oikiako Iñaxi Etxaberekin batera.
Basoarte izenez ageri zaigu gaztetan Gipuzkoako zenbait bertso txapelketatan. Zumaian luistarrek 1970 inguruan antolatu genituenetan ere han kantatu zuen Aita Marin Jexuxek, bere eztarri lakarrarekin, edozein gai zela ere txispa bizi askoa atereaz. Horixe zuen bere berea, ziria, bizitasuna, kolpea handik edo hemendik, entzuleari eraginez honek gutxien uste zuen alderditik.
Gero epaile lanetan ibili genuen zintzo, Lazkano, Telleria, Lizaso, edo Axentxio parrokoarekin mahaian, gure Bertso Eskolak 1986-90 urtetan Anade elkartean egin genituen gaztetxoen txapelketetan. Baina bere lanik gogokoena, dudarik gabe, santa eskean ibiltzea izan da, Manu Garate eta abarren koadrilan baserriz baserri koplari Jon Maiaren konpainian. Buruan txapela, lepoan pañueloa, eskuan makila, ilusioz ekarriko zituen Urola bailarako soinujole nahiz dultzaineroak egun seinalatu horretarako. Zenbat ixtorio urtez urte santagedatan bazter hauetako baserri inguruotan koplari bizitakoak! Horixe zen bere saltsa, koplagintza zirtolaria.
Gure gizartean aspalditik datorkigun tradizio zaharreko bertsogintzaren lekuko garbia izan da. Txirrita, Uztapide, Txapel eta Lizasoren upeletik edan du bete-betean gure bertsolariak. Ziri bertsoa, grazia, umorea, beste ezer baino lehen; beharbada jario garratz xamarra ere bai, batzuetan.
Doinu bat ere zor dio gure doinutegiak Baxakarteri. Beste inori entzun gabekoa, inongo paper edo grabaziotan azaldu gabeko bertso doinu bizkorra eman zigun behin, eta deitura hauxeduena geroztik: Baxakarteren ustez etsaiak. Oso doinu egokia pixka bat goxatuz gero, bere hitzetan esanda. Internet sarean ikusi eta entzun dezakezue gure doinutegian.
Pena batekin gelditu gaituk, Jexux. Badakik nola liburuxka bat moldatzeko asmotan genbiltzan, hik bertso munduari egin dioan ekarpenaren lekuko izan zedin, eta horretarako astirik eman gabe alde egin diguk gure artetik. Eskerrik asko, hala ere, gure herriari, euskerari, bertso munduari eta batez ere gure bertso eskolari eman dioan guztiagatik.
Gure doluminak Maite, Jon, Iratze, Iurgi eta familiari.