Hauexek bart arratsean Zumaian jokatutako bi pilota partiduetako emaitzak:
1. ALBERDI-IBARLOZA…… 22 LERENA-SALAVERRI….13
2. ERRANDONEA-URIZAR 13 E. LABAKA-OTADUI…..22
Emaitzei begiratuta iraupen labur antzeko norgehiagokak izan zirela pentsa badaiteke ere luze joandakoak baina arrazoi ezberdinengatik, zortzi eta bat galtzen joanik Lerenak pilota airez jotzerakoan Alberdi ere sudurrean jo eta odola gelditu ezinik galdutako denborarengatik ere bai lehenengoa, eta partidu beraren lehiakortasunarengatik bigarrengoa, luze eta gogor borrokatutako tantoak izan zirelako.
Hasiera azkar batean Alberdi eta Ibarlozak hartutako zazpi eta hutseko abantailak ikututa utzi zuen Lerena-Salaverri errioxar bikotea, serio eta ondo jokatzen jarraituz 8-2, 11-3 eta 17-4, 13 tantoren aldea lortzeraino. Gerriko urdindunen joku irregularrak hobera egin zuen hemendik aurrera Salaverri atzelariak ordurarte erakutsi gabeko nagusitasunarengatik batipat. Partiduaren erantzunkizuna hartu eta garbi aginduz atzekoadroetan, aurrean eginiko 11-3ko eta 19-9ko tantoak bere markadunak izan ziren 19-11 zortzi tantora hurbiltzeraino. Ordurarte egindako lana bertan behera botatzeko prest etzeuden ordea gerriko gorridunak eta 3 eta 2ko aldeko partzialarekin 22 eta 13 irabazi zuten.
Jon Alberdi izan zen laukoteko onena, hamar tanto egin zituen joku eremuak dituen aukera denetaz baliatuz, sakez bat, ezker gantxoz bi, ezker airez txokoan utzita beste bi, ormabikoz ezkerrez bat, eta txokoan eta zabalean moztutako beste bina. Zortzi eta bi zihoazela jasandako sudur kolpearen ondoreneko etenak etzion mermarik egin eta bere lanak ondo eginda joan zen etxera. Bikotelagun Aimar Ibarloza gazte hazia asko gustatu zitzaigun, duen gorputz puskarako kantxan ondo mugitzeaz gain pilotara ondo jartzen da, ezkerrarekin ondo ekarriaz atzetik eta eskubiarekin emanez pilotari, atzera eta moztuaz ere bai ezker ormaren kontra. Buruzgain doazen pilotentzat airezko baliabidea ere baduenez etorkizun oneko atzelaria, igeri ere ondo moldatzen omen den 16 urteko markinarra. Egindakorik ez eta lau tanto galdutakoak. Oscar Lerena Najerarrak etzion behar bezelako etekinik atera partiduari, presaka eta pilotara ondo jarri gabe ere bai batzutan zortzi galdu zituen. Egindakoak sei baina gehiago ere egin zitzazken ziur aski atzelariarekin gehiago kontatu izan balu, tantoa menderatzeko aukerak bikotelagunari eman eta berearen zain egonik. Ruben Salaverri Funemayorko atzelari finak bere dohaiak erakutsi zituen atzo ere eta partidaren amaiera aldean batipat. Jakiña da nola astintzen duen pilota eskubiarekin eta, Aitzurin ezinezkoa bada ere, erreboteko pilotakada bat edo beste jo zituen. Pilota joku eremu hoietara luzatzeko gai zela erakutsirik aurkariei, hiru saiakeraz bi tanto egin zituen dejadaz pilota dotore utzita zabalean eta hirugarrenak txapa.
Bigarren partidua orekatuagoa izan zen partidaren lehen zatian batipat, 2-0, 2-2, 2-4, 4-4, 8-7 eta 10 eta 8 markagailuko paradak erakusten duten bezela, lehia estu batean jokatuz lau pilotariak eta tanto ederrak eskeiniaz. Hortik aurrera ere parekatuta jarraitu zuen norgehiagokak baina aldea 16 eta 10raino haunditu zuten gerriko gorridunak, Otaduik aurreko partiduan bezela pilotari emanez eta galdu gabe, Labakak tantoak egiten jarraituz baina gutxiago galduaz, Errandoneak ondo defenditu eta tanto eder batzuk eginaz, eta Urizar ere ordurarte baino hobetoxeago pilota jotzeko garaian. Hemendik aurrerakoa azkarrago joan zen 20-12 eta 22-13 azken emaitzarekin.
Pilotarien lana aipatzerakoan Eneko Labakarena aurrena, zortzi tanto ikusgarri eginaz pilotaririk txalotuena izan zen nahiz eta galdu ere gehitxo aukeran, sei pilota guztira eta nahiz eta atzo hoien beharrik ez izan hurrengoan nor daki. Gorka Otadui berriztarrak oso ondo egin zituen bere lanak atzo ere, eskubiarekin baztarrera moztutako pilotakada eder batekin tanto bat egin zuen eta bi galdutako . Kolpe biziarekin dago eta ezker eskubiz pilota errez mugiaraziz garbi agindu zuen atzekoadroetan pasa den partiduan bezelaxe. Ander Errandoneak ere ondo jokatu zuen baina aipaturiko atzekoadroetako diferentzia ezin izan zuan bere aldera ekarri. Markagailuan alde nabaria zegon garaian ere etzuen inoiz amore eman eta azken tantoraino lehiakor jarraitu zuen Berako aurrelari braboak. Sei tanto egindako eta lau galdutakoak. Mikel Urizar markinar atzelaria ezinean ibili zen partida guzian zehar, eta ohi baino pilota gehiago galdu izanean baino oker haundiagoa nabaritu genion pilota gozatzerakoan eginari, ezin libratuz behar hainbat tanto aukerak sortarazteko aurrelariari. Eskuin eskutik juxtu nunbait eta bere fuertea hau izanik sufritzea tokatu zitzaion atzo, jator eta dituenak emanez betiko moduan bestalde.
Datorren asteartean Abuztuak 9 azken laurdenetako hirugarren jardunaldia 22:00tatik aurrera:
P. ETXEBERRIA-MARIEZKURRENA / EXPOSITO-ARANGUREN jubenil mailan, eta
P. LABAKA-MARIEZKURRENA / ESPINAL-MARTINEZ 23 urtez azpikoan.