Dinastia Etxabeko finalistak erabakita

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2018ko abu. 24a, 13:42

Bart arratseko norgehiagokak uste baino errazago irabazi ondoren, Unai ALBERDI-IBARLOZA eta LERENA-BIKUÑA pilotariak, XLVIII. Dinastia Etxabe Pilota Txapelketako bigarren bikote finalistak.

Hauexek emaitzak:

1. U.ALBERDI-IBARLOZA, 22 / LARRAÑAGA-ELIZEGI, 10
2. LERENA-BIKUÑA, 22 / ELOLA-ALDABE1 11

Gazte-jubenilen partiduko argazki baterako, 2-0, 5-1, 5-2, 10-2, 14-3, 15-5, 17-7, 18-18, 21-8 eta 22-10 markagailuak zenbait alditan erakutsitako ibilbidea. Aurreikuspenak ere antzekoak ziren, eta lehenengo tantoa ere 65 pilotakadakoa izan zela ikusita, norgehiagoka gogor baten atarian geundenaren ustearekin atzo Aitzurira kopuru haundiz gerturatutako pilotazaleak. Ez ordea horrelakorik, gainontzeko 31 tantoak egiteko 326 pilotakada jotzea nahikoa izan zelarik gerriko gorridun Unai Alberdi eta Ibarlozak partidu haundi baten ostean Larrañaga eta Elizegi mendean hartzeko. Ibarloza on batekin zer esana emango duen Unai Alberdi mutiko gaztearen joko erakustaldia atzo Aitzurin. Asko eta ondo jokatu zuen txapelketako partehartzaile benjaminenak, eta etorkizunean izan daitekeen pilotariaren kredentzialak erakutsi ere bai.

Aipaturikoaz gain hauxe lau pilotariez esan genezakeena:

Unai Alberdi Ilunpe Pilota Elkarteko aurrelari azpeitiarra. Hiru tanto galdu zituen eta hamar egin: sakez (2), botera ezkerrez zabalera eta txokora (1+1), boleaz eskubiz goitik behera jota (1), txapa gainean moztuta eskubiz (1), ezker gantxoz (2) eta zabaletik zabalera moztuta (2). Azken hauetako bana espreski azpimarratu beharrekoak: ezker gantxoz ia hirutik ezin hobeto gurutzatu eta frontisaren ondoan botearazitakoa, eta zabaleko marran kontra matematikoki kalkulatu eta halaxe atera zitzaiona. Aurreko koadroetan era guzitako tantoak egiteko gaitasunaz gain atzera ere luzatzen du pilota eta sakatu ere ondo. Ezin gehiago eskatu 16 urte egin berri dituen mutiko bati, eta zorionak.

Aimar Ibarloza markinar atzelariak ere partidu haundia jokatu zuen. Hasiera hasieratik gogotsu eta pilotari asko emateaz gain suelto ikusi genuen kantxan, alferrikako kilo bat edo beste botata ere bai, eta bere mesederako noski. Elizegi jotzaile haundia zeukan parean baina honen pilotakada bortitzenei ere aurre egiten jakin zuen behar zen garaitan, eta pilota frankoagoetan eskubiz ondo astindu ere bai. Oso ondo beraz.

Oier Larrañaga, Zumaiako Kirol Elkarteko oikiar aurrelaria. Hiru tanto egin zituen eta lau galdu, hauetako hiru erasoan. Defentsa lanetan oso ondo aritu zen, eta tantoa egiteko intentzioz ere ausart jokatu zuen hasiera hasieratik, baina nahi bezain aurrean errematatzeko pilotarik ere ez zuen harrapatzen eta atzeagotik sartu behar, motxetxo geratuaz bizpahiru pilota eta kontrako tantoak. Ez zen kokildu ordea, eta oso politak gerora egindako hiru tanto: txokoan airez utzitakoa, zabaletik zabalera moztutakoa, eta hormabikoz efektu haundiarekin kontrakantxan zehar bidalitakoa. Ondo beraz.

Iker Elizegi Gazteleku Pilota Elkarteko andoaindar atzelaria. Tanto bat egin zuen eta zazpi galdu, horietako bi atzera luzatzeko primerako pilotak zirenak eta hormabikoz kontrakantxara bidali zituenak. Galdutako pilotak aurreko partiduko antzera dena den, orduan tanto asko egin zituen ordea eta atzo ezin egin. Aipatu bezala aurkari atzelariak oso ondo jokatu zuen eta partiduko zenbait tantotan behin eta berriz oso atzera luzatutako pilota zailak ere bueltan etortzen zitzaizkion, eta azkenerako etsi. Ezkerra dauka hobetu beharra, konfiantza gutxitxo ere bai agian eta esku horrentzat egokiagoak diren pilota bat baino gehiago jo zuen eskubiz tantoa alperrik galduaz. Ibarlozari bezala kilo bat edo beste kentzeak ez lioke kalterik egingo atzo bezalako norgehiagoka zailetarako, kantxan asko ibili behar izateaz gain pilotara ondo jartzeko bere denbora ere behar izaten delako. Gaizki ez dena den, aurkariak gehiago izan ziren eta kitto.

23 urtez azpiko norgehiagoka are eta azkarrago joan zen, 263 pilotakadarekin. 4-0, 4-1, eta 8-1 zazpi tantoko aldearekin jarri ondoren gerriko gorridunak, 8-4 eta 9-4 pixka bat hurreratu ziren aurkariak. Berriz ere 11-4 zazpi tantoko aldea, baina artean partidu asko zegoen eta gerriko urdindunak hiru tanto egin eta 11-7. 13-7 urruntzen berriz ere baina 13-8, 14-9 eta 14-11 hiru tantora eta begi bistan harrapatu eta aurretik jartzeko moduan ere bai gerriko urdindun Elola eta Aldabe. Baina alperrik, gure nahiak gehiago hori gertatzeko aukerak baino, eta horrelaxe zuzenean 22raino joanak Lerena eta Bikuña. Partidu kazkarra izan zen, aurrelari urdinak alperrik galdutako pilota askorekin, eta hauxe partidua hain azkar joan eta hain ikuskizun gutxikoa izatearen arrazoi nagusia.

Pilotari bakoitzaren lana laburbilduaz:

Oscar Lerena Errioxako naiarar aurrelari braboa. Zazpi tanto egin zituen eta lau galdu. Sakez (3), ezker airez txokoan (1), boleaz eskubiz (1), txapagainez eskubiz (1) eta atzera luze joaz (1). Asko sakatu zuen, eta hiru tanto lortu baldin bazituen ere, gehiago ez lortu izana aurkari atzelariaren merituagatik zalantzarik gabe. Falta bat ere egin zuen sake ateratzen. Gainontzean nahiko ondo, beti bezala errematatzeko beretzat hain erosoak ez ziren pare bat pilota galduta baina tira, bere errendimendua hobetuz doa partiduz partidu eta seinale ona.

Iñigo Bikuña Zazpi Iturri Pilota Elkarteko donostiar atzelaria. Ondo atzo ere. Antiguotarrak txorakeria gutxi kantxan: zuloak tapatu, ezker-eskubi pilotari eman ere bai, eta gutxi galdu. Aurrelariari konfiantza eman eta aurkariak etsiarazten dituen pilotaria da, beti ezagutu izan ditugun atzelari klasiko horietakoa. Hiru tanto egin zituen, bat ezker airez txokoan utzita, eta beste bi eskubiz botera bazterrera moztuta. Galdutakoak lau, nolanahi jasotzekoak ez ziren bi sake-errestoan, eta beste bi erasoan pilota moztera joanda. Iazko finalista Iñigo, eta aurten ere merezimendu osoz bere lekua irabazi duen pilotaria.

Iñaki Elola Aurrera-Tolosa Pilota Elkarteko bidaniar aurrelaria. Ez zuen ondo jokatu. Mata pilotariaren jokatu ezina medio aukera polita zuen finalaurreko partidu bati behar bezala aurre egin, eta hogeitabira iristen saiatuz finalean sartzeko, baina ez, ez zuen aprobetxatu emandako aukera. Bere lanetan sakez egindako bi tanto eta galdutako pilotak hamar: sake-errestoan (4), aurreko koadroetan (4) eta sakea ateratzen (2). Aurrekoan genion tanto egiten daukala ikasi beharra eta horrela da, baina horretaz gain bere doaiak aprobetxatzen jakin behar du, eta bikote lagunaren onurez baliatzen ere bai. Ezin da partidu bat maldan behera bota, atzo bezala. Badakigu ez zuela nahita egin, baina jakin egin behar du zer ari den egiten.

Joseba Aldabe Oberena Pilota Elkarteko ihantzitar atzelaria. Ez zuen tantorik egin eta hiru galdu: sake-errestoan (1), atzean (1) eta aurrean (1). Ondo jokatu zuen. Sake oso zitalak ekarri zituen, ezker-eskubiz tipi-tapa pilota frontiseko goiko losetan jartzen ahalegindu zen, kantxako zuloak gutxik bezzla bete zituen, eta defentsa lanetan bikain egon zen: atzetik bai eskubiz eta ezkerrez pilota oso zailak ekarriaz, txokora behin baino gehiagotan joanda pilota gaiztoak jasoaz, eta jarraian atzeraka bidean airez ezker eta eskubiz pilota trakets askoak ekarriaz. Azken unera arte partiduan sartuta egon zen, bikotelaguna ere tarteka animatuz bere onera etor zedin, eta jatortasun haundiarekin kantxan: umil eta langile!

Datorren ostegunean Abuztuak 30 finalak jokatu dira, 22:00etan Aitzurin:

Gazte-Jubenilak: Julen ALBERDI-GARTZIA U. ALBERDI-IBARLOZA
23 urtez azpikoak: SALABERRIA-OTADUY LERENA-BIKUÑA

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide