Gutierrez-Morgaetxebarria eta Exposito-Balerdi bikoteak Dinastiako finalaurrekoetara

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2019ko abu. 13a, 14:42

Gutierrez -Morgaetxebarria eta Exposito - Balerdi bikoteak 22ko finalaurretarako sailkatu diren bi bikoteak, bart arratsean jokatutako hirugarren kuartosetako kanporaketetan.

Hauexek emaitzak:

GUTIERREZ - MORGAETXEBARRIA, 22 / Unai ALBERDI - Ander GARMENDIA, 6
EXPOSITO - BALERDI, 22 / Julen ALBERDI - Iker ELIZEGI, 20

Gazte-jubeniletako norgehiagoka kolore bakarrekoa edo kolorerik gabea izan zela esan genezake, gerriko gorridunak errez nagusitu zirelarik. Markagailuaren ibilbide nagusia 1-0, 1-3, 6-3, 10-4, 11-6 eta 22-6. Bikote sendoa Gutierrez eta Morgaetxebarriak osaturikoa eta hauei eusteko hainbestekoa ez Alberdi eta Gamboaren ordez etorritako Garmendiak osatu zutena.

  • Sergio Gutierrezek 5 tanto egin zituen eta 2 galdu, biak erasoan. Oso ondo jokatu zuen, defentsan sendo eta errematean dotore, ezker airea erabiltzeko gai dela erakutsiaz. Tantoa landu aurrena eta aukerako pilotetan ondo errematatuz atzo errioxarra, hauxe izanik iaztik aurtenera egin duen aurrerapenik nabariena.
  • Aimar Morgaetxebarriak ez zuen tantorik egin eta bi pilota galdu zituen. Ondo jokatzeaz gain pilotari on bat izateko trazak badituela esan behar, bi beso dotore eta hanka azkarrak alde batetik eta 16 urtekin pilotari kolpea ondo eransten dakielako ere bai, bila joan eta gerria bikain sartuaz.
  • Unai Alberdik 2 tanto egin zituen eta 8 galdu, hauetako 4 erasoan. Hasi bezain laster jabetu ginen lan asko eta ondo ere egin beharko zuela egoerari aurre egin eta partidua irabazteko. Saiatu zen baina ez behar bezela agian, pilota gehitxo galtzeaz gain ez zuelako jakin atzeko koadroetako diferentzia orekatzen eta tantoak egiteko jokoa bere terrenora ekartzen.
  • Ander Garmendiak ez zuen tantorik egin eta 9 pilota galdu zituen. Asko dira galdutakoak baina hor baino oker haundiagoa egin zuen pilota gehiago ez kastigatu izanean. Pilota ekartzen hainbestean baina emateko orduan zerbait falta.

Hogeitahiru urtez azpikoen arteko norgehiagoka gogorra eta azken zatian emozio haundikoa izatea suertatu zen, bi tanto eztabaidatuak ere izan zirelarik eta biak Iker Elizegiren kaltetan: partidu hasiera samarrean pilota bat bi botera jasotzat emandakoan eta 20-20 berdinduta zeuden garaian aurreko koadroetako pilota franko bati behar bezela jo ezin eta txapapera botatzeagatik galdua, aurkari Exposito aurrean zegoelako.

Markailuaren ibilbide nagusia hauxe: 2-0, 2-1, 5-1, 5-3, 6-4, 9-6, 12-7, 12-11, 14-13, 19-13, 19-18, 20-18, 20-20 eta 22-20 Exposito eta Balerdiren alde.

Hodei Exposito izan zen diferentziak markatu zituen pilotaria. Pilota grazi haundiarekin mugituarazi zuen eta tanto sorta ederra egin ere bai, 13 denera eta hauetako 8 ezkerrarekin, airez bezela botera, txokora bezela zabalera pilota ziztu bizian bidaliaz. Galdutako pilotak 5.

Manex Balerdi antzuolatarrak ez zuen tantorik egin eta 9 pilota galdu zituen. Asko galdu zuen baina partidua aurrera ateratzeko hainbeste egin zuela esan behar. Eskubia minduta nunbait eta etzion kolperik botatzen pilotari baina, horrenbesterainoxeko gaitasuna izan mutilak, beso eta eskumuturraz baliatuta aurrelariari pilota kentzeko gai izan zen une askotan.

Julen Alberdik ere bazuen zerbait eskubiko eskuan, partidu hasieran erremedioak egiten ibili zelarik. Saiatu zen Expositoren joari aurre egiten baina askotan ezin. Aurrekoan bezela errematerako pilota onak aukeratu zituen eta 4 tanto polit egin ere bai. Galdutakoak 6 eta hauetako 3 sake restoan.

Iker Elizegik tanto bat egin zuen atzean pilota ederki baztarreratuz eta lau galdu: bat sake restoan, beste bat atzetik pilota ekartzen, hirugarrena pilotakada eder bat ezker-goiko txapa ukituta eta laugarrena aurrez aipaturiko 20-20 berdinduta zeuden garaian behar bezela jotzen galerazitakoa. Ondo jokatu zuen pilotan eta aurrera eta atzera kantxan asko ibiltzea tokatu zitzaion arren bere joku galgari eusteko gai izan zen azken uneraino, beste tanto batzuetarako ere erregaia bazuela erakutsiaz. Eskura izan zuten garaipena gerriko urdindunak baina galdu azkenean eta ikustekoa partidu amaieran Ikerrek hain sentikor azaleratutako samina eta finalaurretatik kanpora gelditu izatearen pena, aurkarien hogeitabatgarren tantoa epaileak nola ez zuen berriz jokatatuarazi ezin ulertuz. Txapelketa ona asteasuarrarena dena den nahiz eta brillo pixka bat falta izan zaion aurten bere eskubiari.

Datorren ostiralean abuztuak 16 jokatu dira kuartosetako azken partiduak:

Gazte-jubenil mailan LARRAÑAGA - CUAIRAN / IGOA - ERKIAGA
23 urtez azpiko mailan SALABERRIA - IBARLOZA / MATA - IRURITA

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide