Erabakita zer bikotek jokatuko dituzten Dinastiako finalak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2019ko abu. 23a, 11:53

GUTIERREZ–MORGAETXEBARRIA eta SALABERRIA–ALTUZARRA bigarrengo bikote finalistak gazte-jubenil eta 23 urtez azpikoen mailan.

Hauexek emaitzak: 

  1. GUTIERREZ–MORGAETXEBARRIA, 22 / IGOA–ETXEBERRIA, 5
  2. EXPOSITO–BALERDI, 11 / SALABERRIA–ALTUZARRA, 22

Gazte-jubeniletako norgehiagokaren markagailuak erakutsitako parada garrantzitsuenak: 0-1, 1-1, 3-1, 3-2, 6-2, 6-4, 14-4, 14-5 eta 22-5 Gutierrez eta Morgaetxebarriaren alde, argi eta garbi nagusitu zirelarik Igoa eta Erkiagaren ordez etorritako Josu Etxeberriaren aurka.

  • Sergio Gutierrez Errioxako San Cosmetarrak 9 tanto egin zituen eta 4 galdu, 4urak erasoan. Ondo jokatu zuen, oso ausart erasoan eta tanto ederrak eginaz. Defentsan ere pilota aurreko koadroetatik errez kentzen duen pilotari horietakoa da, bi esku on ditu, eta behartu gabe ateratzen zaio pilota hauetatik, aurrean ezker-eskuinera gurutzatu bezela atzera ere ondo luzatuz. Sakearekin ere min egiten du, kolpea erantsiaz pilotari eta zabalera bezela ezkerrera atereaz.
  • Aimar Morgaetxebarriak partidu dotorea jokatu zuen, pilotari ezker-eskuinez gozo bezain gogotsu emanez. Ez zuen pilotarik galdu eta kontran bi tanto eder egin, bat aurreko koadroetan eskuin boleaz goitik behera joaz pilota eta bestea atzean baztarreratuz. Daukan adinerako asko eta ondo jokatzen du pilotan zornotzarrak.
  • Josu Igoa Etxarri Aranazko pilotariak tanto bat egin zuen eta 4 galdu. Asko ahalegindu zen sake-restoan bezela gainontzean bikote aurkariaren joko onari aurre egiten. Aukerako pilota gutxi izan zuen erasorako. Pilotari konpletoa dator eta egin dezake pilotan, edozein posturetan eta edozein lekura pilota mugiarazteko gaitasuna baitu.
  • Josu Etxeberriak hasiera polita eman zion partiduari. Ezker petoa izanik pare bat pilota bakarrik jo zituen eskuinez. Ezkerrean pilotari tokea du. Denbora gehiena atzekoadroetatik aritu beharra izan zuen ordea eta partidu erditik aurrera bere jokoak behera egin zuen nabarmen zazpi pilota galduaz.

23 urtez azpikoen partiduko markagailuaren ibilbidea: 1-0, 1-10, 2-10, 2-13, 4-13, 4-16, 6-16, 6-18, 7-18, 7-19, 11-19 eta 11-22 Salaberria eta Altuzarraren alde. Norgehiagoka hasieratik hasi zela erren esango genuke, gerriko urdinekoen atzeko koadroetan zulo haundi samarra nabaritzen zelarik, Balerdi eskuinarekin kolpea tira nahiezta bezela eta pilota errez galduaz. Eta horrela aitaren batean hamar eta bat galtzen jarriak. Gero Expositoren tanto batzuekin eta aurkariak galdutako beste pilota batzuei esker partidua itxuratzea lortu zuten baina norgehiagoka kaxkarra. Egindako tanto ederrik izan bazen ere galdutakoak askoz gehiago, 33tik 23.   

  • Iker Salaberriak 3 pilota galdu zituen, bi errematera joan da eta beste bat airez defentsan. Gehitxo berak ohituak gauzkanerako. Egindako tantoak 4 eta ez zuen gehiagoren beharrik izan partidua irabazteko.
  • Jorge Altuzarrak tanto bat egin zuen aurreko koadroetan zabaletik pilota bat jasotzerakoan ederki txokora moztuta, eta galdutakoak bi. Aurrekoan baino apalago ezcaraytarra atzo, hasieran batez ere.
  • Hodei Expositok 5 tanto egin zituen baina 9 galdu. Asko txalotutako tanto ikusgarriak atzo ere astigarragatarrarenak, sotamanoz eskuinarekin atzera luze pilota bat bidaltzean jo zizkiotenak bezela. Grazia apartekoarekin ateratzen zaio pilota eskuetatik baina galdu egiten du errezegi. Gabezi hauxe landu behar luke bere jokoari errentagarritasun gehiago ateratzeko.  
  • Manex Balerdik ez zuen tantorik egin eta bederatzi pilota galdu. Arrats beltza atzoko berea. Eskuina minduta eta ezin pilotari behar bezela tira kolpea eta ez kastigatzeaz gain asko galdu zuen. Baldintza horietan etzuen etorre behar jokatzera.

Datorren ostegunean abuztuak 29an jokatuko dira finalak: 

  1. Gazte-jubeniletan LARRAZABAL–AGIRRE / GUTIERREZ-MORGAETXEBARRIA
  2. 23 urtez azpikoetan berriz  CANABAL–ARBIZU / SALABERRIA-ALTUZARRA

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide