- Gazte-jubenil mailan: Iker AMIANO-ALCANTARA 22 / Eñaut LIZEAGA-LAZKOZ 17
- 23 urtez azpikoan: EXPOSITO-GARMENDIA 6 / OSKOZ-MORGAETXEBARRIA 22
Gazte-jubeniletako partiduko markagailuaren ibilbidea: 2-0, 2-2, 9-2, 9-6, 11-6, 11-7, 13-7, 13-13, 18-13, 18-16, 19-16, 19-17 eta 22-17.
- Iker AMIANO: Egindako tantoak 12 eta galdutakoak 4.
- ALCANTARA: Egindako tantorik ez eta galdutakoak 5.
- Eñaut LIZEAGA: Egindako tantoak 8 eta galdutakoak 9.
- LAZKOZ: Egindako tantorik ez eta galdutakoa bat.
- Guztira, egindako 20 tanto, eta galdutakoak 19.
Iker Amiano pilotari irundarra izan zen lauretan onena, eta diferentzi handiz gainera. Serio jokatu zuen, atzelariari lagundu, pilotari abiadura eman, eta tanto sorta ederra eginaz, hamabi guztira. Airezko jokoa ondo menderatzen du, eskuinarekin goitik beherako boleaz bezala ezkerrez zabalera gurutzatuaz pilota, zortzi eginaz modu honetan eta bat sakeari erantzunez laugarren koadrotik atzera zituela oinak.
Ekaitz Alcantara pilotari zumaiarrak ez zuen gaizki jokatu, ezkerrez ondo eta eskuinarekin ere bai behin partiduan sartu eta gero, beldurrarekin jotzen bezala eta ezin gozatuz ibili zelarik hasieran.
Eñaut Lizeaga pilotari astigarragatarrak ezin esan gaizki jokatu zuenik, zortzi tanto ere egin bai zituen besteak beste. Baina asko galdu zuen, bederatzi pilota. Mutil handia izaki zailtasunak Amianoren ezker gantxoeri aurre egiteko, baina tantoa egiteko izandako aukerak ondo aprobetxatu zituen. Hain aukera onak ez ziren pilotetara sartu izanetan aurkitu genezake agian atzoko bere akatsik handiena. Azkar egin nahi tantoa, azkarregi zenbait kasutan, aurkarien markagailura nola igotzen zen ikusiaz behin baino gehiagotan hura. Sakearekin atzo baino min gehiago egiten ikusi izan dugu, bere eskuin eskua ondo ez zeukan seinalea ziur aski.
Xhoe Lazkoz Urtasungo pilotari nafarrak txukun jokatu zuen, pilota bakarra galduaz partiduan zehar. Pilotakada ederrik ere jo zuen bere esku on eskuinarekin, baina gutxitxo. Gehiago jotzea komeni, tantoren bat edo beste eginaz batzuetan, eta atzelari aurkaria behartuz bikote lagunari tantoa egiteko aukerak emanaz bestetan.
Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea, histori gutxikoa eta motza benetan: 0-3, 4-3, 4-16, 5-16, 5-19, 6-19 eta 6-22.
- EXPOSITO: Egindako tantoak 4 eta galdutakoak 9.
- GARMENDIA: Egindako tantorik ez eta galdutakoak 4.
- OSKOZ: Egindako tantoak 7 eta galdutakoa bakarra.
- MORGAETXEBARRIA: Egindako tantoak 2 eta galdutakoa bat.
- Guztira, egindakoak 13 eta galdutakoak 15.
Hodei Exposito pilotari astigarragatarra itzaletik ibili zen atzo, eta bere joko distiratsuaren faltan geratu ginen. Defentsa lanetan asko galdu zuen, pilota nahiko errazak ere bai tarteka, eta egiari zor eraso lanetarako berriz aukera askorik ez zuen izan. Atzeko koadroetan zeukan desabantaila ikusita, ez zuen jakin izan jokoaren ekimena bere gain hartu eta aurkariak gehiago behartuaz tantoak egiteko aukeran sortzen.
Ander Garmendia Lazkaoko Antzar Pilota Elkarteko pilotari ezkerraz ere gehiago espero genuen. Bere zenbakiei begiratuta balekotzat eman behar bere lana, baina ez. Ez dio eransten kolperik pilotari, eta bere ezker hutseko pilotakadak ez dute minik eragiten aurkariengan, hauen menpe egotera beharturik partidu osoan zehar, eta bikote lagunari tantoak egiteko aukerak sortarazi gabe.
Javi Oskoz Ultzama bailarako Lantzeko pilotariak partidu ona jokatu zuen, aurrekoan baino hobeto, errematerako garaian batez ere. Zazpi tanto eginak eta bakarra galdu. Gogo handiz eta oso zentratuta ikusi genuen hogeita bira iritsi zen arte. Asko mugitu zuen pilota alde batetik bestera aurreko koadroetan, eta egindako tantotaz gain Exposito galtzera behartu ere bai behin baino gehiagotan.
Aimar Morgaetxebarria zornotzatarra ere asko eta ondo jokatuz pilotan beste behin ere. Tanto bakarra galdu zuen eta bi egin atzera luzatutako pilotakadekin. Ezkerrarekin pilota ondradu kendu zion aurrelari aurkariari aukera errazetan, eta juxtu samar baina ekarri ere bai ‘buenara’ zailagoetan. Eskuinarekin berriz garbi nagusitu zen, pilota bizi astinduaz botera, eta airez ere bai behartuta aurkitu zen une bakanetan, ‘sotamanoz’ behin, eta goitik behera jotako boleaz beste behin, bikain bietan ere pilotari sendo emanaz.
Datorren ostegunean, abuztuak 12 burutuko da azken laurdenetako laugarren, eta azken jardunaldia:
- Gazte jubenil mailan: AMUNDARAIN-EMALDI / ZUBIZARRETA-TELLERIA
- 23 urtez azpiko mailan: MATA-CORDON / IGOA-ODRIOZOLA