51. Dinastia Etxabe Txapelketako azken laurdenetako bi partidu jokatu zituzten atzo iluntzean Aitzuri pilotalekuan. Gazte eta jubeniletan Egurrolak eta Cansecok osatutako bikoteak lortu zuten garaipena, Sarasibarren eta Leoneten kontra 22 eta 15 nagusituta; 23 urtez azpikoen mailan, berriz, Amiano eta Gabirondo izan ziren garaile, Apaolaza eta Lizeagari 22 eta 21 irabazita.
Honakoa izan zen gazte eta jubenilen markagailu ibilbidea: 0-2, 1-2, 1-9, 2-9, 2-10, 3-10, 3-14, 4-14, 4-16, 7-16, 7-20, 14-20, 14-21, 15-21 eta 15-22 Egurrola eta Cansecoren alde. Tantoen banaketa, berriz:
- Sarasibar: egindakoak 3 eta galdutakoak beste 3.
- Leonet: egindakorik ez eta galdutakoak 12.
- Egurrola: egindakoak 7 eta galdutakoak 6.
- Canseco: egindakoa bat eta galdutakoak 5.
Pilotariei buruz:
Andoni Sarasibar. Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duen Nafarroako Lantzeko aurrelaria. Lan zaila izan zuen atzo; aurreko koadroetan tantoa egiteko aukera gutxi alde batetik, eta momentu batean norgehiagoka oso maldan gora jarri zitzaiolako bestetik. Saiatu zen, eta berak egindako hiru tantoei esker eta aurkariek galdutako beste zenbait pilotekin, markagailua itxuratzea behintzat lortu zuen. Bere mailatik urrun jokatu zuen, eta atzelariaren laguntza gutxi izan zuen.
Mikel Leonet. Oiartzuarra eta bertako Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelaria. Mutil handia da eta pilotari kolpea emateko bi esku on dituela erakutsi arren, alferrik izan zen atzokoan, pilota asko galdu baitzituen. Atzelariak ona egiten jakin behar du aurrena, eta horrela ez denean eta bere buruarekin konfiantza denak galtzean, inori gustatzen ez zaiona egin; une gogorrak pasatzen ibili kantxan.
Mikel Egurrola. Bizkaiako Etxebarriako semea, eta Markinako Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelaria. Mutiko kadetea oraindik, aurten 16 urtetik aurrera pasako ez dena, baina pilotan jokatzen dakiena. Sake ona, hanka bizkorrak, eta bi esku on; defentsa lanetarako bezala, tantoak edozein eratara egiteko. Galtzekoak ez ziren zenbait pilota galdu zituen atzo, eta hori ere kontutan hartu beharrekoa.
Alvaro Canseco. Logroñoko semea eta Titin III. Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelari gaztea. Pilotari ikusgarria, ezkerrez eta eskuinez pilota erraz atzeratzen duen horietakoa; behetik gora bezala, alboko posturaz erantsiaz kolpea pilotari. Bikote lagunak bezala, pilota gehiegi galdu zituen, eta horrexegatik ezin jarri bikaineko nota.
Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea honakoa izan zen: 0-4, 2-4, 2-7, 4-7, 4-8, 12-8, 12-12, 14-12, 14-14, 17-14, 17-15, 19-15, 19-20, 21-20 eta 21-22 Unai Amiano eta Gabirondoren alde. Tantoen banaketa, berriz:
- Apaolaza: egindakoak 9 eta galdutakoak 2.
- Lizeaga: egindakoak 2 eta galdutakoak 8.
- Unai Amiano: egindakoak 11 eta galdutakoak 4
- Gabirondo: egindakok 2 eta galdutakoak 5.
Pilotariei buruz:
Xabier Apaolaza. Hernaniko semea, eta herri bertako Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelaria. Ondo jokatu zuen eta gehiago jokatzeko gaitasunik baduela erakutsi ere bai. Pilotaria da, ezker ona du eta eskuina ere praktikoa. Defentsa lanetan ere moldatzen da. Honen lekuko bere zenbakiak: egindako bederatzi tanto eta galdutakoak, berriz, bi. Baina ezker ona du, pilota mugitzen daki eta aurkariak deseroso jartzen ditu. Izen handiagoko atzelariarekin jokatu zuen atzo. Partidua joan zen bezala ikusita, eta azkenean tanto bakarrarengatik galduta, ez dakigu ez ote zen etxera joango jokoan erantzukizun gehiago ez hartu izanaren penaz.
Ekain Lizeaga. Astigarragako pilotariak ez zuen gaziki jokatu, baina oso ondo ere ez. Pilota gehiegi galdu zituen, baina alde negatibo hau konpentsatua geratuko zen, izandako pilota onekin min gehiago egin izan balu. Nahiz eta kolpe onak erantsita atzeko koadroetara pilotarik bidali, erdi bultzaka ere aritu zen zenbait unetan, eta Amianok eskuinera propio ateratako sake zitaletan sartzeko beldurrez bezala ere bai, azkeneko erabakigarrian bezala.
Unai Amiano. Aurrelari irundarrak oso hasiera ona eman zion partiduari, pilota abiadura handiz erabili zuen, eta zuzenean tantoak egin zituen, pilota galtzera behartuz ere bai aurkariak. Baina norgehiagokatik atera egin zen gero, 8-4 irabazten joanda, erasoan galdutako pilota nabarmen batek hegoak moztu izan balizkio bezala. Dena den gariz etorri zen bere onera, eta bikote lagunaren lan onari esker ere partidua aurrera ateratzea lortu zuen.
Arkaitz Gabirondo. Partidu serioa eta ona, gaztelutar mutikoak jokatu zuena atzo. Hasiera hasieratik ezkerraz eta eskuinaz pilota asko gozatu zuen, frontiseko goiko losak bilatu eta aurkari aurrelariari tantoa egiteko aukerak murriztuz. Eskuinez atzera luzatutako pilotetan, ezker hormaren kontra jarritakoak asko izan ziren, eta hau, atzoko bere lan onaren gakoetako bat izan zen. Erritmo handiz jokatutako norgehiagokan zehar lan asko egitea tokatu zitzaion arren, azken zatian aurkari atzelaria baino gehiago izan zen, eta gauzak horrela, lan errazagoa bikote lagunarentzat tantoa egiteko.
Datorren ostiralean, abuztuaren 18an, jokatuko dira lehen finalaurrekoak, 21:00etan Aitzuri pilotalekuan:
Gazte eta jubeniletan: Ibarluzea-Elorz / Sanchez-Calvo
23 urtez azpikoetan: De la Fuente-Beloki / Etxeberria-Loza