BIGARREN PLENOAREN BALORAZIOA

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2015ko uzt. 28a, 19:04

Astelehenean egin zen bigarren plenoa, eta EH Bilduk bertan tratatutako hiru puntu nagusien inguruko balorazioa egin nahi du: 1- Oikiako eskola berrirako lurra, Eusko Jaurlaritzaren esku 2- Udal Brigadan 3 lanpostu gutxiago 3- Inpernupe ixteko agindua salatzea Hemen irakur dezakezue osorik:

 

1-      OIKIAKO ESKOLA BERRIRAKO LURRA, EUSKO JAURLARITZAREN ESKU

 

Maiatzeko hauteskundeen aurretik, EH Bilduk lotuta utzi zuen Oikiako eskola berria eraikitzeko lur-sailaren eskualdatze-lana. Lan horri segida emanez, asteleheneko plenoan lur horiek Eusko Jaurlaritzaren esku uztea onartu zen.

 

Horren ondorioz, hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzaren esku dago Oikian eskola berria egitea. Gaiak oikiarrentzat duen garrantzia ikusita, EH Bilduk gertutik egingo dio segimendua, ahalik eta azkarren Oikian eskola berria izan dezagun. Horretarako, Udalari behar duen laguntza eskaintzeko prest gaude.

 

2-      UDAL-BRIGADAN 3 LANPOSTU GUTXIAGO

 

Apirilean (EH Bildu alkatetzan zegoenean), besteak beste, Udal Brigadan hiru lanpostu sortzeko deialdia onartu zen. Asteleheneko plenoan, EAJk eta PSOEk deialdi hori atzera botatzea onartu zuten.

 

Horren ondorioa argia da: Zumaiako Udal Brigadak aurreikusita baino hiru langile gutxiago izango ditu, eta Udalak langabezian dauden herritarrei begira hiru lanpostu-aukera sortzeari utziko dio. Gai honekiko gure jarrera garbia da: zerbitzu publikoak pribatizatzearen aurka gaude. Uste dugu azken urteotan Udal Brigada indartu izana herrira begira onerako izan dela kalitatezko zerbitzuak bermatzeko, eta ez dugu ulertzen EAJk eta PSOEk zergatik egin nahi duten atzera.

 

Zer bilatzen dute Udal Brigadako langile kopurua gutxituta? Zer bilatzen dute langabezian dauden herritarrentzat hiru lanpostu-aukera sortzeari utzita? EAJk gaiaz egiten duen irakurketa da “gastu arrunta gutxitu” behar dela, Espainiatik murrizketak inposatzeko datozen legeak (pertsonalari dagokion gastua eta langile kopurua mugatuz) bete egin behar direla eta, horren ondorioz, zerbitzu horiek azpikontrata pribatuei eman.

 

Ez zaigu logikoa iruditzen gastua gutxitzeko aitzakian 3 lanpostu kentzea, eta, aldi berean, onartzea alkate eta zinegotzi liberatuen soldatetara urtero 41 000 euro gehiago bideratzea. Soldatak nahikoa duinak zirenez, igo beharrean, 41 000 euro horiek, adibidez, proposatzen dugu Udal Brigadak ematen duen zerbitzua indartu eta herriko langabeentzat lanpostuak sortzera bideratzea.

 

3-      INPERNUPE            IXTEKO AGINDUA SALATZEA

 

Zumaiako Inpernupe taberna eta elkartea ixteko arriskuan daude, Espainiako Auzitegi Gorenak “dekomisatu” ondoren. Lapurreta horren aurrean, Inpernupek mozio-testu bat aurkeztu zigun, eta testu hori gure egin genuen plenoan sartzeko. Testu hori gainerako talde politikoei eman ondoren, Gobernu Taldeak beraien adierazpena aurkeztu zigun. Hori ikusita, adostasuna lortzen saiatu ginen eta azkenean PNVrekin adierazpen bateratua lortu genuen. Horren ondorioz, Zumaiako Udalak bat egin zuen adierazpenarekin eta egoera bidegabe hori salatzearekin.

 

Mozioan, ixteko agindua arbuiatzeaz gain, adierazten da Inpernupe norbaitena izatekotan bazkideena eta 29 urteotan erabili duten herritarrena dela, bidegabekeria hau salatzen da eta elkartasuna adierazten zaio Inpernuperi. Gainera, egoera hau konponbiderako oztopoa dela salatzeaz gain, oztopoen gainetik konponbidea eta bakearen alde lanean jarraitzeko dei egiten zaie herritarrei.

 

EH Bildutik desio eta espero dugu Inpernupe ixteko agindua ez betetzea. Eusko Jaurlaritzak Espainiako legeari pase forala emateko beti izango du gure eskua zabalik. Legea ez da beti zilegia izaten, eta zilegi ez diren legeak ez betetzea betebeharra bihurtzen ari zaigu konponbidearen aurkako erasoen aurrean. Eraso horien aurrean herri modura bateratuta aritzeko garaia da, konponbidea denok batera defendatzeko. EAJk sententzia betearazi eta Ertzaintza Inpernupe ixtera bidaltzea atzerapausoa litzateke bide horretan.

 

Bukaeran, Inpernupe Elkartearen izenean, bazkide batek eskerrak eman zizkion Udalari adierazpenagatik eta emandako babesarengatik, eta aurrera begira Inpernuperen proiektuarekin jarraitzeko borondatea azaldu zuen, proiektua Zumaian sustraituta dagoelako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide