Hauek dira hiru ekarpenak:
EUDEL-ek proposatutako mozioaren eduki orokorrekin ados gaude (nahiz eta ikuspegi batzuetan zuzenketak egingo genizkiokeen), pozten gara, eta uste dugu Zumaiako Udalean ordezkatuak gauden talde politiko guztiok berdintasun erreala lortze bidean pausoak eman behar ditugula. Horregatik, adierazpen Instituzional hutsean gera ez dadin, eta berdintasun errealaren bidean konpromiso zehatzak eta egingarriak garatzeko, 2016ko Martxoaren 8 honen harira, 3 proposamen sinple eta erabat egingarriak aurkeztu ditugu EH-Bildu osatzen dugunon izenean. Iniziatiba konkretu hauek “Hiri Debekatuaren mapan”, Udaletik bultzatu den ikerketa prozesuak emandako ondorioetan oinarrituta proposatu ditugu:
-
Emakumeen ikusgarritasuna bultzatu beharra dugu Zumaiako espazio publikoan, egun desoreka itzela baita (75 kaletik: 21 gizonen izenak, 5ek emakumeena, horietatik 3 erlijioari lotuta, ez ziren emakume horiek errealitatean existitu). Horregatik, Ardantza bideko auzo berrian, oraindik izenik ez duen plazari, gizartearentzat ekarpena egin duen emakume erreferente baten izena jartzea proposatzen dugu, edota pertsona izen konkretua ez bada, emakume-taldeek egiten zuten ogibide edota ekintzaren bat. Guk Ardantzabideko plaza berrirako, izen posible batzuk pentsatu ditugu, baina bertako bizilagunekin eta Udaleko talde politiko guztion ordezkariekin adostu beharko litzateke izen konkretua. (Proposamenak: Saregileak, Elvira Zipitria, Etxekoandreak, Lucía Lacarra…).
-
Aipatutako arrazoi horiengatik, Oikian ere plaza edo kaleren bat izendatzea proposatzen dugu, Iñaxi Etxaberen izenarekin. Lehenengotako emakume bertsolaria izanik, eta oraindik ere bizirik dagoenez, oraintxe bertan gauzatu beharreko proposamena dela uste dugu. Oikiako bizilagunekin adostu beharko litzateke zein kale edota plazari jarri nahi dioten izena, baita Iñaxi beraren parte hartzearekin ere, eta Udaletxean ordezkatuak gauden talde politiko guztiokin.
-
“Hiri debekatuaren maparen” diagnostikoan zenbait ondorio zuzen eta gomendio atera ziren Zumaiako hirigintza eta plan urbanistikoetan genero ikuspegia kontutan hartzeko, zumaiar guzti-guztion segurtasuna eta ongizatea hobetu asmoz. Horrexegatik, plangintza zehatz bat eskatu nahi dugu, 3 hilabeteko epearekin (2016 martxoa – 2016 ekaina) jada egina dagoen diagnostikoko emaitzak hemendik aurrerako hirigintza planetan nola txertatuko diren zehazteko, eta egungo espazio publikoan zenbait zuzenketa egiteko. Plangintza horretan, kronograma bat azaldu beharko litzateke, gerora garatuko diren neurriak epeetan antolatzeko.