Iazko aurrekontu proposamenarekin alderatuta, nabaria da EAJren Udal Gobernuak zenbait gauza “zuzendu” dituela. Iaz oposiziotik kritikatu genituen hainbat aldaketa eta murrizketa politiketan atzera egin du EAJk, 2017rako aurkeztu duen proposamenean. Denborarekin EH Bilduri arrazoia eman digu Udal Gobernuak. Berandu bada ere, ez da beranduegi eta ongietorria da. Atzera egite horietatik esanguratsuenak bi dira:
-Turismo bulegorako udako langilearen teknikari perfila berreskuratu du, zuzeneko kontratazioak aurreikusiz (2016rako zerbitzua azpikontratatu egin zen, eta erabaki hori kritikatu egin genuen iaz).
-Gizarte zerbitzuetarako iaz langile bat gehiago hartzea eskatu genuen, eta EAJk ez zuen gure emendakina onartu. Aurten, jarrera zuzendu eta langile horren beharra beraien proposamenean jaso dute.
2) Bestalde, EAJk aurkeztutako aurrekontu zirriborroari hainbat proposamen gehitu genizkion EH Bildutik. Negoziaketen ostean, proposamen horietatik bi onartu dira osoko bilkuran:
-Urola Kostako Hitzari ematen zaion dirulaguntza 10 000 eurotik 15 000 eurora igotzea. Gogoratu iaz EAJk ikaragarri murriztu zuela dirulaguntza hau (28 650 tik 5000 eurotara jaitsi zuen) eta gero urtean zehar EH Bildu eta PSEEren elkarlanari esker 5000tik 10 000 eurora igotzea lortu genuela.
-EH Bilduren eskariari erantzunez, aurten EAJren zirriborroan gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairurako 20000 euroko laguntzak aurreikusten ziren. Zirriborroa ikusita, EH Bildutik eskatu genuen laguntza horiek 30 000 eurokoak izatea, eta igoera onartu da.
3) EH Bildutik egin genituen gainontzeko proposamenei dagokionez, EAJren aldetik jarrera irekia ikusi dugu, ekarpen positibotzat hartuak izan dira, eta horietako asko 2017an gauzatzeko modua egon daitekeela adostu dugu. Hemen horietako batzuk:
-Odietan Udalak oraindik salgai dituen etxebizitzetatik 3 adimen urritasuna edo desgaitasun fisikoa duten herritarrentzat bideratzea, horretarako Aldundiari lagapena eginez.
-San Juan Egoitza ondoko eraikina gazteen emantzipaziorako erabiltzea, alokairu laguntzak indartzearekin batera.
-Herri Eskolako eraikin berrian aurreikusten den gimnasioak kirol federaturako neurriak izatea, horrela gainezka dagoen kiroldegiko kantxaren erabilera arintzeko.
-Udaleku irekien zerbitzua 2 urteko haurrei zabaltzea.
-Baleikerekin dirulaguntza-hitzarmena legealdi osora zabaltzea, urtez-urtekoa izan beharrean.
-Herritarrekin egiten diren bileretarako aldi bereko itzulpen sistema eskuratzea, zumaiarron hizkuntza eskubideak bermatu daitezen.
-Berdintasun Beka berreskuratzea, urtero ez bada ere, bi urtean behin ateratzeko. Horretarako Berdintasun Foroarekin harremanak abiatzea.
-Urola Itsasadarraren plan berezia pixkanaka garatzen joatea, Beduola elkarteak aurkeztutako proiektuari bidea emanez, beste ekimen batzuren artean.
-Urola ibaian ematen diren isuriak kontrolatzeko jarraipen plana egitea, URA agentzia, GFA eta Aizarnazabalgo udalarekin elkarlanean.
4) Oinarrizko desadostasunak bertan dirauten arren (gobernu taldearen soldatak hor daude, eta Aurrekontu Partehartzaileen inguruan oso ikuspegi diferentea daukagu), aurtengo aurreproiektuan Gizarte Zerbitzuak (EH Bildurentzako funtsezkoa dena) indartu egin dira, Turismo eredua herritarrekin aztertzeko asmoa dago (publikoki askotan eskatu izan duguna), mugikortasunaren inguruan elkarlana bideratuta dago (EH Bilduren proposamena jada publikoa da), eta enplegu politikak indartu egingo dira mankomunitatearen aldetik (2017rako aurrekontuek EH Bilduren babesa dute).
Guzti hau kontutan hartuta, eta goian aipatutako lan ildoetan elkarlanean sakontzeko aukera izango dugulakoan 2017an zehar (horretan gure konpromiso irmoa azaltzen dugu), EH Bilduk jarrera eraikitzailea erakutsi du, eta 2017ko Zumaiako Udal aurrekontuei 3 baiezko boto eman dizkiegu, eta 3 abstentzio.