1.-Aurretik ere adierazi izan dugun bezala, EAJk laguntza horiek jasotzeko jarritako muga eta baldintzak ez datoz bat gaur egungo Zumaiako errealitatearekin. Hori dela eta, uste dugu zumaiar asko gelditu direla laguntza horiek jasotzeko aukerarik gabe. Propaganda hutsean ibiltzeak baditu bere arriskuak, eta zumaiarrak benetan laguntzea baldin bada asmoa, baldintzek errealitatearekin bat etorri behar lukete. EH Bildutik aurkeztu genuen proposamenean horrela zen, eta EAJrenean ez. Orain jakingo dugu benetan EAJren ereduarekin jendea kanpoan gelditu dela ziurrenik, eta ondorioz eredu hori ez dela eraginkorra.
2.-EAJk 30.000 euro eskas bideratu zituen laguntzetara, eta EH Bildutik gutxiegi zela adierazi genuen. Orain, 2018rako aurrekontu zirriborroan, EAJk berak bere akatsa aitortzen du, eta datorren urterako 60.000 eurora igoko du kopurua. Aurreko puntuan aipatu bezala, ordea, kopurua igotzeak ez du zentzurik ordenantza bera zuzentzen ez bada: baldintzak eta mugak ez datoz bat Zumaiako egoerarekin (alokairuen prezioak, eskatzaileen profilak…), eta beraz, diru gehiago bideratu arren, diru hori ez da zumaiarrengana iritsiko, laguntzak eskatzeko aukeretatik kanpo daudelako.
3.-Gauzak hasieratik ondo egiteko aukera eman genion udal gobernuari: gure eredua aurkeztu genuen batzordean, erabat irekia, eztabaidatu, aldatu eta beste alderdiekin adosteko asmoarekin. Baina EH Bilduren eredua entzun nahi izan gabe, EAJk egoskor bere eredua inposatu zuen. Orain ikusiko da ez dela eraginkorra, eta zuzendu egin beharko luke udal gobernuak, ordenantza aldatu eta benetan zumaiarrak lagunduko dituen eredu bat eskaintzeko. Beste guztia propaganda hutsa izango litzateke. Gai honetan aipatzen ari garen bezala: borondate kontua da zumaiarren alokairua benetan laguntzea, eta EAJk, oraingoz, ez du borondate hori erakutsi.