PROBOKAZIOA IZAN DA

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2019ko ots. 15a, 10:19

2019ko aurrekontuen gaian, 3 aldeko bozka eman genituen plenoan, akordioa errespetatuz eta aurrekontuak edukitzearen garrantziaz jabetzen garelako.
3 kontrako bozka, aldiz, udal gobernuaren jarrera mediatikoak sortarazi digun egonezina eta haserrea adieraziz.

Udal gobernuak, otsailaren 1ean, ohar bat atera zuen (berriro ere guztiona den udal webgunea aldebakarreko propaganda egiteko erabiliz) oposizio GUZTIA gutxiesten duena. Ez da kontu berria. Izan ere, legealdi osoan, 13 zinegotzitik 6 izanik, gehiengo osoa balu bezala jokatu du automatikoki, eta oraindik ere jokamolde horren inertziak jarraitzen du. Gerora, oposizioko talde bati azalpen publikoak eman dizkio, “gaizki ulertua” izan zela argudiatuz. EH Bildurekikoa, beraz, ez da gaizki ulertua izan, apropos egindakoa baizik.

Izan ere, aurten, udal gobernua gutxiengo erlatiboan egonik, inoiz baino sakonago eraman da aurrekontuei buruzko negoziaketa.

EDO GUZTIEN ADOSTASUNEZ AURKEZTEN DITUGU, EDO BESTELA AURREKONTUAK LUZATU EGINGO DIRA”, esan zigun udal gobernuak.

Guk, gure aldetik, eta legealdi osoan erakutsi dugun jarrera eraikitzailea berriro ere erakutsiz, epe motzeko interes partikularrak alde batera utzi eta negoziaketei ekitea erabaki genuen, herriaren mesederako.

Ilusioz, praktikotasunez eta leialtasunez ekin ere. Gure iniziatibek, behingoz, aurrekontuetan lekua izan zezaketela ikusita, baina jakinik gure eskaerak ondo neurtu beharko genituela, aurrekontuek aurrera egingo bazuten.

Ez zen maximalismoetan aritzeko momentua, proposamen gehiago egin genitzakeen, baina BI ESKAERA konkretu egitea erabaki genuen (ESTAZIO auzoari buruz egin asmo genuen beste eskaera oposizioko beste kide batekin eramandako negoziaketei esker aurrera bidean zela ikusita, ez genuen mahai gainean jarri).

Publiko ere egin genituen bi eskaera horiek, gardentasunez jokatzeko asmoz.

Uztaileko udalekuen garaian bi urtekoen zaintza zerbitzua Udalak berriro ere zuzenean ematea zen eskaera bat (diru kopurutan aldaketarik suposatzen ez zuena); eta bestea, gure iritziz estrategikoa, Urola eskualdeko hedabideak batzeko prozesuari bultzada tinkoa ematea (13.000 € gehiago bideratuz dirulaguntza hauei), aurreko legealdian ematen zirenak berreskuratuz.

Pare bat elkarrizketa saio, eta AKORDIOA lortu genuen, bi eskaera horiek barnean biltzen zituena.

Akordio bat lortzen denean DENONA da, eta eskaera horiek dirutan xumeak zirelako onartu zirela esatea, udal gobernuak babesten ez dituela azpimarratuz, LEIALTASUN FALTA. Gogoratu behar da, gainera, abenduko osoko bilkuran alkateak inolako esplikaziorik eman gabe atera zuela gai-ordenetik EH BILDUk aurkeztu zuen mozioa, 2 urtekoen zaintza zerbitzua berreskuratzeko eskatzen zuena, errespetu falta handia erakutsiz, eta guk dakigula, aurrekaririk ez duen aldebakarreko erabakia hartuz.

Bestalde, aipatutako oharrean AUTOGESTIOAri buruz egiten den iruzkina erabat barregarria litzateke iraingarria izateko zantzu guztiak ez balitu.

Beraz, PROBOKAZIOA izan da, HARROPUZKERIAZ eta LEIALTASUN FALTAZ gauzatua.

Legealdi osoan ikusi dugun TALANTE AUTORITARIOAREN adierazle bikaina.

 

ZUMAIA, 2019ko Otsaila

EH BILDU Udal taldea

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide