Beste ezer esan aurretik, argitu behar da EAJren udal taldeak (horretarako haien bi zinegotzik liberazioa duten arren) ez duela 2024ko aurrekontuarekin lotuta inolako lanketarik egin. Ez aldaketa proposamenik, ez proposamen berririk, ezta emendakinik ere. Aurrekontu proposamena jaso aurretik jada erabakita zuten ezezko botoa ematea, eta gero gertatzen dira horrelakoak: ezezko botoa justifikatu beharraren ondorioz –eta egin gabeko lana estaltzeko– prentsara hanka sartzez betetako testuak bidaltzea. Ez dute merezi gehiegi luzatzerik, baina gauza batzuk argipena behar dute:
- Komentuko lorategia eraberritzeko partidaren aurka omen dago EAJ. Udalak diru laguntza bat jaso du, eta jasotzeko baldintzen artean zegoen lorategia eraberritzea. EAJk diru laguntza hau alferrik galdu eta itzuli nahi du? Ez da gogoratzen udal batzordeetan hitz egiten dugunaz eta diru laguntza hori dagoenik ere ez daki?
- Ludoteka egin nahi omen du EAJk Erkiben. Aurretik ere –bai pribatuan bai publikoki– azaldu diegu: Torreberrin EAJren alkatetzak egindako hanka sartzea errepikatu nahi al dute? Torreberri goitik behera eraberritu zuten ludoteka bat jartzeko, eta bukatu ondoren konturatu ziren eraikinak ez zituela gutxieneko baldintzak betetzen erabilera horretarako. Erkibeko behe solairuak ez du metro nahikorik ludoteka baterako, eta solairu ezberdinetan banatuz gero, ez lituzke ludoteka bati eskatutako baldintzak beteko, Torreberrin gertatu zen moduan.
- Marianton parkea eraberritzeko diru partida gehiegizkoa iruditu zaie. Parkea ez ezik ingurune guztiko esku hartzea barne biltzen du diru partida horrek, eta udal teknikariek zehaztutako kopurua da (uste dugu haiek direla lan hauetaz dakitenak) . Azken emaitzak erakutsiko du ea merezi duen edo ez, eta ziur gaude behin eremu hori eta parkea eginda daudenean EAJk ez duela esango ez zenik horretara hainbeste diru bideratu behar.
- Kiroldegia eraberritzearekin lotuta, EAJk berak aitortzen du aurrekontuak jasotzen duela proiektu idazketarako diru partida. Orduan zer da EAJk egin nahi duena, proiekturik gabe lanekin hastea? Ez du ez hanka ez bururik esateak legez eta teknikoki beharrezkoak diren aurrelan eta epeak errespetatzeak "lanak atzeratzea" ekarriko dutela. Epeak direnak dira, gusatu ala ez, eta ez dago beste biderik.
- Beheko plazako eremua era integralean landu behar dela dio EAJk. Hainbatetan azaldu diegu batzordetan: horixe eskatu zaio inguru horretarako esku hartzeen proiektua idatzi duen arkitektura enpresari. Besterik da EAJ ados egotea edo ez gero aurkeztu duenarekin, eta EAJk nahiago izatea estalpea Zuloaga plazan egitea Beheko Plazan egin ordez. Horrela bada, horrela esan, baina ez iradoki ez denik ingurune osoa kontutan izan.
Egoera ekonomikoarekin lotuta
Egoera ekonomikoarekin lotuta EAJk dioenak ez gaitu harritzen. Izan ere EAJren ereduak eta gureak ezberdintasun nabarmenak dituzte atal horretan. EAJk "zuhurtzia" deitzen diona hauxe zen: urteetan alkatetzan zegoela Udala enpresa pribatuen gisa kudeatu eta urteak superabitarekin amaitzea, bitartean herriko eraikin publikoak erortzen eta erabilerarik gabe utzita, eta proiektu handirik martxan izan gabe. Horren aurrean, guk inbertsioei ekin diegu, eta emaitzak begi bistakoak dira. Herria martxan eta proiektu berriz beteta dago, eta halere (EAJk ordenantza fiskalen eztabaidan urtez urte aitortzen digun moduan) Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua da.Bestalde, kuriosoa da EAJk guri leporatzea "Udalaren burujabetza ekonomikoa ez zaintzea", izan ere EAJren eredua izan zen Udal zerbitzu eta lan ia den-denak pribatizatu eta azpikontratatzea. Eta horiexek dira hain zuzen azken urteotan Udalari gehien garestitu zaizkionak: azpikontratatutako kontratuen eraberritzeak. Azpikontratei kontratuz kontratu garestitzeen margina libre uztea "Udalaren burujabetza ekonomikoaren" guztiz aurkakoa da, hain zuzen. Eta horregatik ari gara gai honetan ere beste eredu bat martxan jartzen: pixkanaka udalarenak izandako zerbitzuak berreskuratu eta publifikatzen.