Zumaiako hitz bereziak: Antuxun

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko ots. 1a, 09:06

Irudia: Ander Hormazuri

Hasi gara zumaiarren mezuak jasotzen, eta Ainhitzek proposatutakoa ekarri dugu aste honetan. Zuek ere hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Metalezko katilu kirtenduna da ‘antuxun’ Zumaian, garai batean mendira asko eramaten zena eta oraindik ere iturri batzuetan zintzilik ikusten dena. Hitz berezi hori, beste batzuk bezala, ez da Zumaiakoa bakarrik, baina azkenaldian asko entzuten ez denez, merezi du haren berri ematea. Zestoako eta Azkoitiko hiztegietan ere ‘antuxun’  agertzen da, eta Abelin Linazisorok esana digu Zumaian “antusin” ere erabiltzen dela.

Lea-Artibai aldean ‘antosiñe’ esaten dute eta Donostia inguruan ‘antosiña’. Orotariko Euskal Hiztegian beste era askotara bildua dute hitza: antoxin, antoisin, antosin, antoitxin, antotxin, antixon, antixun, antusin, antuxin, antuxun, antuxune, antuxan eta andosin.

Jose Maria Agirre Lizardi (1896-1933) olerkari zarauztarrak hitzaldi bat eman zuen Zumaian, 1930ean, eta hara nola erabiltzen zuen gure hitza:

Gure ustez, euskal-errotak ur gutxi-aski darama leen ere, ta abertzaletasun-apurrak, au da ur-ari meek, are ur-tantoak berak ere ezetsi ta albora uzteko ez gaude: euskal-ur gaziaren bear gera. Bekar batak suilla bete; besteak pitxarra; besteak ANTUXUNA; besteak... titarea, areagokorik ezpa-du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide