Mareak hartzen duen puntu gorena da ‘plemaa’, hau da, itsasgora. 1677ko testu batean, Pierres Etxeberriren Ixasoco nabigacionecoan, ‘plemada’ agertzen da: “ioan ilhargia haize hartaratzen den thaularat eta bilha desiratzen duen eguna eta egunaren xuxenean kausituko duzu zenbat oren eta zenbat minutetan izaren den plemara egun hartan”. Bermeon ere ‘plemara’ deitzen diote itsasgorari, baina beste gauza bat da “marigora’ edo ‘uragora’: ura gorantz doan tartea, ez puntu gorena. Hondarribian ‘plemeara’ erabili izan da.
Abelin Linazisorok Joxe Manuel Manterolari 2005ean egin zion elkarrizketan hauxe jaso zuen: “Egun batian beraneante batek arranpla bukatu eta paolbidia hasten dan toki parian pezeta bat bota zian. Plemaa zeoan, maria bizixak eta sonda haundixa”
Hemen beste adibide bat, Bixente Esteibarren bideo bat, marea biziei eta ilargiaren gorabeherei buruzkoa.