Horrela azaltzen du ‘andar!’ zer den Abelin Linazisorok: bitan pentsatu gabe abiatu, joan aditzarekin lotua beti.
Trini Bidasorori elkarrizketa egin zion Abelinek 2004an, eta hara hango adibide bat: “Paketia hartu eta Donostira juten hittuan, Ondarretako kartzelara. Beaixen bila etorri baino lehen, andar Donostira”.
Beste adibide bat bideo honetan, Saskarate baserriko Angel Osa zenak esandakoa: “Gabian kandilla hartu ta arrankaziya, eta andar!”.
Ondarroan ere erabiltzen da, haientzat ziztu bizia edo abiadura da ‘andarra’, eta aditz askorekin joan daiteke: andarra hartu, andarra eman, andarrean joan…
Hondarribian ere antzera, martxa edo abioa esateko erabiltzen da ‘andare’: autoaren andarea, esaterako. Esapide modukoa ere bada, ordea, bideo hau horren froga: “Hurrengo goizian, seirak aldera-edo, andare”.
Erroa edo jatorria gaztelanian duela ematen du, ‘andar’ abiadurari ere esaten zaiolako.