Zumaiako hitz bereziak: Trongoilo

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko mai. 10a, 10:39

Hitz ezaguna ekarri dugu aste honetan, haur txikiak dituztenek sarri erabiltzen dutena. Zuek ere hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Kolpe baten ondorioz kopeta edo bekokian irteten den koskorrari deitzen zaio ‘trongoilo’ Zumaian. Beste herri batzuetan ere erabiltzen dira antzeko hitzak; Ondarroan, esate baterako ‘trunpail’ esaten dute. Hara ondarru berbetan guneko azalpena: burukoa nahiz beste nonbaitekoa koskorra zen; bekokikoa trunpalle. Saka eitze; bekokixaz paeta jorau te trunpallak urtetza (Bultza egin diote; bekokiaz horma jo du, eta koskorra irten zaio). 

R.M. Azkueren hiztegian jasota daude hitz hauek: trongil, trongotu, tronpoilo eta trunbulu. Orotariko Euskal Hiztegian beste hauek ere bai: trunpilo, trupillo, tronpeillo, trumil, trumulu eta trupulu. Hala ere, batzuetan adiera zabalagoa ematen zaie hitz horiei: koskorra oro har, handidura, landare eta zuhaitzei ateratzen zaizkien irtengune edo konkorrak…

Alberto Urangak hauxe kontatu zion Abelin Linazisorori 2009an argitaratutako elkarrizketan: “Balneaxoko hortan gelditzeko esan zien eta nik, andadios!, ospa!, bizikeletakin kiñaa ein nian eta jo zikak kulatakin buruan: ospera!, eman ziak! Baina aurrea, aurrea, eta aurrea ein eta etxeaino. Itxian kura ein zien. Baina… oaindikan ere hamentxe zikat trongoilua”.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide