Kolpe baten ondorioz azalean sortzen den ubeldurari deitzen zaio ‘molitu’ edo ‘molito’ Zumaian. Badirudi kolore morearen zerikusia duela eta ‘moretu’ hitzaren aldaera moduko bat izango dela. Larramendiren Hiztegi Hirukoitzean (1745ean) jada agertzen da ‘moretu’ hori, gaztelaniazko ‘acardenalado’ hitzaren pareko.
Eskualdeko beste herri batzuetan ere erabiltzen dira antzeko hitzak. Zestoan, esate baterako ‘molittu’ esaten dute; hara Zestoarren erretolika liburuko azalpena: Ubeldua. Larruazalean kolpe baten, hotz handiaren, eta abarren ondorioz sortzen den kolore iluneko gunea. Molittu earra daka besuan. Azkoitian, berriz, ‘moritto’ erabiltzen dute; begira Azkoitiko euskerie liburukoa: Ubeldura. Gure onek berna ezurrek beti morittoz beteta dauzke.