Abelin Linazisorori ikasitako esapidea da ‘arnasean’ ibiltzea, hau da, ur azpian ibiltzea oxigenorik gabe. ‘Arnasa handia’ edo ‘arnasa txikia’ deitzen zaio, berriz, denborari dagokionez ur azpian luze edo labur ibiltzeari. Gipuzkoan ‘lentan egin’ ere esaten zaio urpean ibiltzeari.
Abelinek berak Joxe Manuel Manterolari 2005ean egindako elkarrizketan badaukagu adibide bat: “Ur haundira zanbuila ein, igeri ein, eta gero hondotik, sonda haundixa zeon lekutik, harri koskor bat atera behar huan. Ez zeoan arnasean irabaziko zianik!”.
Zarauztar bati 1987an jasotako istorio bitxi bat ere bada ahotsak.eus gunean, eta izan lezake zumaiarrekin zerikusia, gainera: Tximo igerilari artista hura Bixente Gomez ote zen?
Baita ere, garai hartan, eskola haundiik ez baldin bazuen’e, bazian gizonak, patroiak, argi askuak been lanian. Batian, arrantza zijuaztela, ba, badijuazti ta erori zayo batei relojua urrezkua boltxikotikan urta, ta “hauxe gertatu da ta alto!”. Ta patroi horrek “da!” beitu bi o hiru puntuta, ta “aurrea!”. Ta jun dia, ta egin ditue beren itsasoko lanak; pasa hiru-lau ordu itsasuan, ta badatoz bueltan. Ta, aber, relojua billatzeko lehengo puntuan billa: “aurreoxio, atzeoxio, honea, bueno, hi, Tximo, jo zanbuilla!”. Ta jo du zanbuilla horrek, arnasian ikaragarri ona, eta agiri ez, ta agiri ez, ta halako batian “dra!”, erten da urrezko errelojua eskuan dula.