Zumaiako hitz bereziak: Mordoketa

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko urr. 31a, 08:12

Argazkia: Itaia kolektiboa

Aurreko asteko uzta kontuen osagarri,  fruituak biltzearekin lotutako hitza ekarri dugu oraingoan ere. Zuek ere zerbait proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Bereziki mahats-mordoak biltzeko ekintzari esaten diogu Zumaian ‘mordoketa’. Aurreko asteko txordoketa bezala, Resurreccion Maria Azkuek Zumaian jaso zuen eta gaztelaniaz vendimia esan nahi zuela jarri zuen. Mahatsak ‘mordoka’ egoten dira, gaztelaniaz racimo deitzen zaion egitura horretan.

Hala ere, bestelako fruituen bilketa adierazteko ere erabili izan da hitz hori. Gosea nolabait ase behar, eta garai batean ohikoa zen inguruko soro eta sailetako jenero pixka bat hartzea: sagarrak, gaztainak… Hara 1990ean egindako mahai-inguru batean Erretolakoa etxeko Itziar Treku Egañak nola azaldu zituen bilketa kontu hauek:

  • “Gaztain txordoketa jun ta mordoketa inda etorri. Etzeonian txordokik, mordoka zeon lekura jun bihar.  Basarritarrak zaitu, nun zebiltzan souan lanian ta... Zakua bete ta kontentu”.

Alegia, bildutako lekuetan ‘txondor’ edo hondarrik geratzen ez bazen, bildu gabekoetatik hartzen zituztela, ezkutuan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide