Euriteen ondorioz, eta batzuetan mareek bultzatuta, ibaiak gainez egiten duenean sortzen dira ‘ujalak’ edo 'urjalak', hau da, uholdeak; gainera, gehienetan halaxe erabiltzen dugu hitza, pluralean. Ez da Zumaiakoa bakarrik, baina aspaldian gero eta gutxiago entzuten delako ekarri dugu. Antzeko hitzak dauzkate beste herri batzuetan: ugolde, ujolde, ujol, ujul, uriol, urjol, uheldo, ujelda, udol, uial, uiolte, uielte, usal, uxal, ufal, ufol… Zestoan ere ‘ujalak’, erabiltzen dute, Azkoitian ‘ujelak’ eta Zarautzen ‘ujalak’, ‘ujolak’ edo ‘ojalak’.
Lehen adibidea, Abelin Linazisorok Bixente Esteibarri 2004an egindako elkarrizketa honetakoa:
Lehenbizi surtako egur bila eta gero deberrak. Urjala izan bazan, Santixora txotxa bila; bestela, egur bila San Migel azpira, edo txirbilotara Beduara edo Zakariasenera ezpal bila.
Eta bigarrena, ahotsak.eus guneko bideo honetakoa, hara Oikiako uholdeak nola deskribatu zituen Brigida Ibarbiak:
Ta geo Oikiyan itten zian ujalak, itsasua haundiya baldin bazeon; maria iyotzen du Oikira. (…) Eta behetikan itsasua baldin bazan ta goiko ur kargakin, ujalak ertetzen zittun. Ta baita gari-metak bota´re, e! Urak.