Zumaiako hitz bereziak: Txardango

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko aza. 22a, 08:42

(Argazkia: Behance, CC)

Gontxalok bidalitako hitza ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Hartxintxarrak botatzeko erabiltzen den tiragomari deitzen diogu ‘txardango’ Zumaian. Orioko euskarari buruzko liburu batean jasotakoaren arabera, kirtena bera da ‘txardangoa’. Zarauzko hiztegian ere berdin jaso zuten, baina bestelako erabilera bat ere gehituta: “Urkila itxurako egurra, esate baterako, tiragomak egiteko erabiltzen dena, edo belarra zabaltzeko erabiltzen dena”. Zestoarren erretolika liburuan ere makilari deitzen diote ‘txardango’: “Arotzak prestatu edo tratatu gabeko egurrarekin egindako lanabesa, eginkizun jakin batera bideratutakoa. (...) Mutur batean bi adar motz U edo V forman dituen makila edo ziria”.

Makilaren forma berezia kontuan hartuta, gauza askotarako erabili izan da. Hara  ahotsak.eus guneko bi adibide: Getarian sareari eusteko erabiltzen zuten eta Larraulen gaztainak biltzeko.

Zumaiako adiera berezi horren adibide bat hemen, Abelin Linazisorok Jexux Etxaberi egindako elkarrizketan, 2004ko abuztuko Baleiken: 

Karrerik ezin zien atera abioiekin. Haixen kontra fusilakin jutea, txardanguakin eskopeten kontra jutea bezala huan. Ez zegoan ezer egiterik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide