Zumaiako hitz bereziak: Txondokin

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko abe. 5a, 18:19

Kafearen txondokinak edo txamarrak. Argazkia: raicesdeperaleda.com

Aurreko beste hitz batzuen oso antzeko bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zerbaiten hondarra edo geratzen den azken zatia da ‘txondokiña’ Zumaian; hondakina, azken batean. Beste herri batzuetan ‘ondokin’ esaten dute, esate baterako, Eibarren. Askotan edariekin eta janariekin erabiltzen da: botila ipurdi bat geratzen denean, olioari hondoan egiten zaionari deitzeko, amaieran geratzen diren kondar edo txamarrak, etab. Esate baterako, “txondokiñak eta guzti” edatea esango genioke den-dena edateari, tanta arrastorik utzi gabe.

Esanahiari eta hitzen “soinuari” erreparatuta, aurreko asteko TXOARKIL izenaren oso antzekoa da, eta biak etor daitezke ‘hondarkin’ edo antzekoren batetik. Mahats eta gaztainekin erabiltzen den TXORDOKETA ere familia berekoa izan daiteke, hondarrari edo balio gabekoari ere esaten zaiolako ‘txondor’ eta horrelakoetan ohikoa delako hitzaren barruan soinuak tokiz aldatzea (metatesia).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide