Zumaiako hitz bereziak: Naximentu

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko abe. 20a, 08:05

Argazkia: Wikipedia

Aurreko astean esan genuen Gabonetan zozo-belarrarekin ‘jaiotzak’ egiteko ohitura zegoela, eta aurtengo azken hitza horren ingurukoa egin dugu. Datorren urterako proposamenak edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Gabonetan Jesusen jaiotza irudikatzeko figura txikiekin egin ohi den muntaketa da ‘naximentua’ Zumaian eta inguruko herrietan. Zarautzen ere ‘naximentu’ esaten diotela kontatu digu orain gutxi Andoni Egañak Berrian: “Jaiotza deitzen gerora ikasi genuen. Naximentua deitzen genion umetan”.

1980ko hamarkadan Orrua aldizkarian gerraondoko Zumaiaz Trabukok kontatutakoa bildu zuen Baleikek 1995eko urtarrilean: Gomensago bukatu ta gero inbentarioa egiten genuen. Gero arratsaldean eta ilunabarrean zenbait talde naximentuarekin etxez etxe eta tabernaz taberna ibiltzen ginen Gabon-kantak kantatzen”.

Askoz lehenagoko adibide bat ere ekarri dugu, Gerra Zibilaren aurrekoa. Hauxe idatzi zuen Auguta kronikagileak El Día egunkarian, 1933ko abenduaren 20an:

OLENTZARO. - Uri ontan oitura aundia dago umetxuak euren “nasimentuakin” atez-ate abestuaz ibiltzeko, limosnatxuak bilduaz. Neurekiko pozgarriagua legoke kale bakoitzetik bat agertuko balitz, obeto antolatuaz gauzea. Begiramentu geitxorekin begiratuko geniekela, alegie. Abestiz ta nasimentuz goi malean agertutzeko era ote litzaken, ate ondotan, ardotegi ta akeitetxetan ere neurtuaz, izanik begi onez ikusiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide