Zumaiako hitz bereziak: Luaki

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko urt. 24a, 10:23

Jadarre pareko Basadiberria ujalak hartuta, taldean luakia konpondu nahian, 1960 inguruan. (Argazkia: Javier Carballoren bilduma)

Aurreko asteko hitzarekin lotutako beste bat ekarri dugu oraingoan. Proposamenak edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Errioko urari eusteko dike modukoa, lur piloa edo ezponda da ‘luakia’ Zumaian. Antzeko izenak erabiltzen dira beste herri batzuetan: lubaki, luebaki, luebai, lubai, luai… Bidasoa inguruan ‘lezoi’ deitzen diote eta Iparraldean ‘pezoi’.

Gaztelaniazko ‘trinchera’ hitzaren pareko ere erabili izan da askotan, gerra kontuetan, baina soroak mugatzeko lur piloak edota zangak izendatzeko erabili izan da orokorrean.

Joan den astean ikusi genuen basariak nola erribera bihurtu zituzten Zumaian XX. mende hasieran, eta horretarako errio ertzean lu(b)akiak egin zituzten. Batez ere Zubitxikitik hasi eta Basadiko aldetik aurrerakoari deitzeko erabili izan da hitz hau (Luakietako bidea) eta, beraz, ez da kasualitatea Luaki izeneko denda bat egon izana hor 80ko hamarkadara arte, batetik, eta kiroldegiari Lubaki izena jartzea, bestetik.

Erribera edo soroak zeuden inguru osoari ere deitu izan zaio “luakiak”, eta badaude adibide batzuk Abelin Linazisorok Baleiken egindako elkarrizketetan. Joxe Manuel Manterolak esana: “Eta igeri garaixan, sagar lapurretara! Ardantzara juten gitxuan, baina han txakurra botatzen ziguen eta… Arrukale aldera. (…) Luakixeta ere bai. Luakixetan, urruti, ixa Bitarte baserri parian, soua gitxikan”. Joxe Elosua Portek: “Ni ez nintzala gerra jungo usten nian. Izan ere hamen Zumaixan erriberetan petrolixua zeola uste izan huan. Eta zulaketak eiteko hor hasi nitxuan lanian. Luakixetan”. Jontxu Altzibarrek kontatutakoa: “Lapurretak eta? Ez. Hori gutxik. Estazixoko bagoietatik fruta, sagar lapurreta… Behin batian Luakixetatik txarri bat lapurtu eta mataixan hil zutela akordatzen nauk”. Anjel Osa Añezaren esaldia hau: “Aittari anaiok lagundu kargatzen, gabarrak ura hartzen bazun, txikatu eta moilara ailegatzen ginanian, aittak guri soka eman eta lehorretik laguntzen gitxuan gabarra eramaten, haik eta luakiak bukatu arte. Handik gora bea bakarrik juten huan. Badakik luakiak non bukatzen dian, ezta? Oain Egurko dagon hori baino gorago”.

Ahotsak.eus gunerako egindako elkarrizketan Manuek Ugartek bideo honetan kontatu zigun Oikian ez dagoela soroak mugatzeko lubakirik, kainaberek eusten diotelako lurrari.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide