Zumaiako hitz bereziak: Txanal(toki)

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko ots. 7a, 08:48

Gorostiagaldeko txanaltoki bat, eta atzean Bedua. (Argazkia: Javier Carballo)

Angulak harrapatzeko garaian daudela aprobetxatuta, aste honetan ere ibaiarekin lotutako hitz bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egin nahi badizkiguzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Errioan ibiltzeko gabarra edo ontzi txiki bat da ‘txanala’ Zumaian; beste toki batzuetan ‘txanela’ edo ‘ala’ esaten zaio. Gaztelaniaz eta galizieraz ‘chalana’ deitzen zaio ontzi horri, eta frantsesez ‘chaland’. Hondoa zapala izaten du, branka zorrotza eta txopa karratua, zuzena. Lehen anguletarako erabiltzen zen gehienbat.

Txanaltokia’, berriz, errio bazterrean txanalak amarratzeko zurez egindako tokia da. Egituraren zutoinetan lotzen da ontzia, kareletik, eta marearen arabera gora eta behera egiten du irrist. Usurbilgo ondareari buruzko gunean argibide gehiago ikus daiteke; han ‘alunea’ edo ‘altokia’ deitzen diote.

Zumaiako txanaltoki batzuen izenak ere jaso dira toponimia lantzerakoan, erabiltzaileen edo tokiaren berri ematen dutenak: Arteagakoa, Prailearizti, Eskazabalgoa... Brigida Ibarbiak kontatzen duenez, garai batean Oikian ia baserri bakoitzak bazuen bere txanala, eta orduan angula asko harrapatzen zuten. Manuel Ugartek gogoan du txanal batzuk bahe txikiekin bazterrean ibiltzen zirela, eta handiago batzuk erdian; gauez argiz josita ikusten zen Urola.

Arrantzarako bakarrik ez, garraiorako ere erabiltzen zituzten ontzi haiek. Esate baterako, sororako hondarra errioan gora txanaletan eramaten zuten, eta Benito Etxabek azaldu zuenez, garai batean, Beduako zubia egin baino lehen, Gorostiaga aldera joateko txanalean igarotzen zuten Urola.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide