Zumaiako hitz bereziak: Txikil-ardo

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko ots. 14a, 07:56

Erreketa taberna, gero Etxabe Kuarto izena hartu zuena, Erribera kalean. (Argazkia: Zumaiako Fototeka)

Harreman kontuekin zerikusia duen hitza ekarri dugu San Valentin egunean.  Proposamenak edo oharrak bidaltzeko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Andregaia egin berritan mutilak kuadrillari tabernan ematen dion mokadutxoa da ‘txikil-ardoa’ Zumaian. Abelin Linazisorok kontatua da hori, eta gazte garaian non egiten zituzten ere azaldu zuen Baleike aldizkarian 2009an emandako elkarrizketan: “Bestia Xarrenekua [Amaiako plazan], edadeko jende asko jute huan. Gu´re bai. Haundixa huan. Famosua huan txikillarduak ta despedidak eiteko, ta Etxabe IV baño merkio huan”.

Lagunei ordaindu beharreko “zerga” moduko hori ezaguna da beste herri batzuetan ere, izena pixka bat aldatu arren: ‘txakil-ardoa’ (hau da, ‘zakil-ardoa’). Nikolas Zendoia bertsolari aiarrak horrela azaldu zuen El Diario Vasco egunkarian 2001eko uztailaren 15ean idatzitako artikuluan:

Esan dezadan, bada, zer dan txakil-ardoa. Neska ederrari edo dotore bati laguntzen zionak, berriro tabernara lagunetara etorritakoan, txakil-ardoa atera bear izaten zuen. Derrigorra ez zan, baiña lagunak ematen zuten tabarra ez jasotzearren, pakeagatik, atera bear zan danei baso-erdi bana ardo. Gaiñera, adarra jotzearren, mostradorean zai egongo ziran, e!, sei edo zazpi lotsa gutxirekin. Bagenekien neska eder batekin joandakoa tabernara arro azaltzen zala. Orduan aprobetxa. Ogitartekoa ere jan oi genduan ezer edan gabe, gero txakil-ardoa edatearren. Pezta bat aurreratu! Txarra uan, ba!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide