Zumaiako hitz bereziak: Usula

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko ots. 21a, 08:58

Sanjuaniturriko Maritxu, ezkerraldean usula duela (argazkia: baleike.eus)

Ur kontuei helduko diegu berriz, eta ontzi berezi bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Egurrezko ontzi handia da ‘usula’ (ur suila) Zumaian, behe aldetik zabala, gorago estuagoa, eta zenbait uztai dituena. Imanol Azkueren Jose Manuelen ibilerak liburuan irakurri dugunez, besteak beste txakolina egiteko prozesuan ere baliatu arren, bereziki iturritik ura ekartzeko erabiltzen zen. Ez da kasualitatea, beraz, Sanjuaniturriko irudiaren aurreko ontzia ‘usula’ izatea. Hiztegi batzuetan ‘gurbil’ edo ‘edarra’ ere deitzen diote, eta neurri jakin batekoa dela zehazten dute: 10 pitxerrekoa. 

Orion ere erabiltzen dute hitza, eta herriko kantu ezagun batek honelaxe dio:

Goiko kaleko Joxepaneko Maddalen
atzo goizian iturritikan zetorren,
esanaz
etxeko lanak zaudela danak eginak,
baina usularen uztaiak zauden zikinak.

 Abesti horri buruzko eta ontziari lotutako kontu politak jasoak ditu Txiliku idazleak Hitzako artikulu honetan. Zarautz aldeko beste  lekukotza honen arabera, sagardoa eramateko ere erabili izan da: Ursula da hogeita bi litroko ontzi bat, fiesta basketan ta hola ikusiko dituzue, hola gerriyan eramaten ditue, ba, [...] burniyakin, uztayakin”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide