Zumaiako hitz bereziak: SOLKI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko ots. 28a, 08:03

Zarautzen “burukotea” deitzen diote solkiari. Argazkia: Txiliku, zarauzkohitza.eus

Ontzi astunak errazago garraiatzeko balio duen gauza bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Pisua buru gainean eramateko trapuzko babesa da ‘solkia’ Zumaian; ahoz ‘solki(d)xa’ edo ‘solkiya’. Beste herri batzuetan ‘sorki’ erabiltzen dute, eta Zarautzen ‘burukote’. Imanol Azkueren Jose Manuelen ibilerak liburuan irakurri dugunez, garbitzeko arropak otar berezietan edo zinketan eramaten zituzten emakumeek albergara, askotan buru gainean, ontziaren eta buruaren artean solkia (trapua) jarrita.

Babes edo bigungarri horri esker, ontzi pisutsuak eraman ohi zituzten emakumeek. Usulak ere jartzen zituzten buruan, eta horregatik dauka Sanjuaniturriko Maritxuk solkia ezkerreko eskuan.  Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegia gunean azaldu zuenez, besterik ez zegoenean, soinean zeramaten mantalarekin egin ohi zuten burukotea emakumeek; horregatik, “mantalaz solkia egin” esaten zaio egoera zail batean eskura dagoenarekin konpontzeari.

Mª Antonia Goikoetxeak erakutsi digu nola egiten zen solkia, zapia bihurritu eta lotuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide