Enara arruntari (Hirundo rustica) deitzen diogu Zumaian “txana”. Hiztegi batzuetan “txanara” ere agertzen da hemen inguruko formatzat, eta Julian Aldaz zumaiarrak “txenara” jaso zuen 1918an egindako bilduman. Beste izen asko ere baditu txori dotore honek: ainara, azpizuri, beletxiko, elai, enabera, ipurzuri, kulentriña, mitxigu, ninera, zagaro... Txoriak.eus guneak dioenez, bizkarralde urdinkara daukate, buru gorria eta sabelalde zuria; buztan luzea dute, sarde itxurakoa. Hegalari trebe eta arinak dira, eta aireko intsektuak jaten dituzte. Gizakiarengandik gertu bizi ohi dira, eta atarietako sabaietan egiten dituzte habiak, lokatz pilotatxoak erabilita.
Udaberritik udazkenera izaten dira gure artean, eta behin halaxe idatzi zuen eskuz Julio Beobide eskultoreak: "EPAILLAREN 21AN (UDABERRIAREN ASIERA) LAU TXANA (4) IKUSI NITUN". Martxoan sartu aurretik ere ikusten dira batzuetan. Jexus Gorostolak kontatua da, ordea, txanak urtero maiatzaren 4an agertzen direla. Nola ulertu alde hori? Asier Sarasua biologo eta txorizaleak argitu digu misterioa: “Txana beltzak edo arrantxoriak (sorbeltz arruntak, Apus apus) dira santakruzetan etortzen direnak, maiatzaren 3an”.