Zumaiako hitz bereziak: MANGAZIO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko api. 8a, 09:55

Askok gustura hartuko genuke pala saio eder baten ondorengo mangazioa. (Argazkia: Sara Utrera)

Jendea kanpoan kirola egiteko amorratzen dagoen garai honetan, Joxek proposatutako hitz bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Neke handiari, abaildurari edo giharretako minari deitzen diogu  Zumaian “mangazioa” (ahoz “mangaziyua” edo “mangazidxua”). Askotan esfortzu handi samarra egin ondoren sentitu ohi da. “Manga-manga eginda” egotea ere erabiltzen da gorputzaldi txar hori adierazteko.

Zestoan “mangaziyo” esaten dute eta Azkoitian “mangaixo/mangaixue”. Beste herri batzuetan "mankazio”, “manka-manka egin” eta “mankatu” erabiltzen dira. Esaterako, Bergara inguruan ere esaten dute, eta hara Antzuolako lekuko batek zer dioen ahotsak.eus gunean:

Izeten zan ittulia irixak, eta irixen atzian erreminttia ebaltzen zan. Eta atzian hari helduta ibiltzen zan aitta edo anaen bat edo, eta zuzen ibilli bihar eta ganauak zainttu bihar zuzen arrastuan. Azkenerako mangauta, e!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide