Besoa bularrari lotuta eramateari deitzen diogu “traillean” (ahoz “traillian”) eramatea Zumaian eta inguruan. Orotariko Euskal Hiztegiak “traillan” ematen du eta gure eskualdean jaso zuen adibidea: "Besoa traillean zeraman = llevaba el brazo en cabestrillo (G-azp)"
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digunez, besoaz gain, etxeko astoak eta antzekoak ere eramaten dira “traillean”, soka bat muturrean lotu eta aurretik tiraka. Bigarren adiera hori jaso dute, hain zuzen, Zestoarren erretolika liburuan: ‘trailan/trailuan hartu/eduki (behia, astoa)’. Behia, astoa nahiz edozein animalia-zamari soka erantsita eramatea, eskutik sokari eutsiz eramatea. Hara Uztapide endoiarraren bertso batean ere nola agertzen den:
Bei ori an zeguen
bestien kuadrillan,
basarritarrarekin
jardun du ardaillan:
«Preziua jarri zuk
tokatzen dan maillan!
Ongi ordaindua da
bederatzi millan!"
Konpontzen dira eta
artutzen du traillan.
Beste toki batzuetan txakurrak eramateko uhalari esaten diote “trailla”, eta zehazki bat baino gehiago eramateko aukera ematen duenari; gaztelaniaz ere “traílla” esaten zaio soka edo uhal berezi horri, eta txakur bikote edo taldeari ere bai. Bizkai aldean oinetako batzuen lokarriari esaten diote “trailla”, esaterako, abarkek edo espartinek izaten dituztenei.