Labanak, guraizeak eta antzekoak zorrozten dituenari deitzen diogu “txorroskilleroa” (ahoz “txorroskillerua”) Zumaian. Orotariko Euskal Hiztegiak beste izen hauek ere bialduak ditu: txorroxkille, txorroskil, txorrotxgille, txorroskin, zorrotzaile, zorrozkile. zorrotzailla, zorroztale eta zorroztzaile.
Garai batean bizikletarekin ibiltzen ziren zorrotzaileak, eta gero motorrak lanak asko erraztu zizkien. Txilibitu edo flauta berezi batekin iragartzen zuten kalean zebiltzala, eskala moduko bat jota, jendeak erraz ezagutzeko moduko doinu bat. Ez da gurean bakarrik ezagutzen den hitza, eskualdean ere (Zestoan, Azpeitian...) erabiltzen dute eta Donostia inguruan ere bai, Ahotsak.eus webguneko adibide hauetan ikus daitekeenez. Ohiko esaera da txorroskilleroek euria ekartzen dutela.
Bada habanera ezagun bat Zumaian, duela 100 urte inguru idatzitakoa, “Venid, venid” leloa duena. Hara zer dioen estrofetako batean:
Por San Pedro son las fiestas
vienen muchos forasteros,
vendedores de quincallas
y muchos txorroskilleros.
Abelin Linazisorok egindako elkarrizketan honela zioen Karmelo Zendoiak 2008ko urtarrileko Baleike aldizkarian:
Egun asko ziala oso triste nabilela, ez nula kakik eiten eta oso triste nebilela. Medikuak mingaina ateatzeko. Jode!, nik ez zekiat mediku izeneko hura zer zan, txorroskileroa-edo, aceite ricino kriston basoka goraino beteta bere aurrian hartzeko esan ez zian, ba!
Nicanor Rodriguez zorrotzaile galiziarrak urtean aste batzuk ematen zituen Lasarte-Oria inguruan, eta gero Galiziara itzultzen zen. Hara 2011n Txintxarri.eus webgunerako egin zioten elkarrizketa. Galiziarra da, era berean, Soraluzen bizi izandako Romulo Gonzalez ere; Azpeitiko uztarria.eus webgunerako elkarrizketa egin zioten 2008an.