Zumaiako hitz bereziak: DERREPENTE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko urr. 9a, 08:52

Joan den asteburuan Baleike.eus-en argitaratutako izenburua.

Baleike.eus gunean ikusi eta Iñakik txio batean proposatutako hitza ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zerbait bat-batean, ezustean eta berehala gertatzen  denean esaten dugu “derrepente” izan dela. Gaztelaniazko “de repente” horren parekoa da, noski, eta Orotariko Euskal Hiztegiak dio Hegoaldean bertsolarien testuetan agertu izan dela bereziki, bestelako idazleen lanetan baino gehiago, seguruena idatziz aukera dotoreagoak lehenesten direlako.

Aditzondo edo adberbio hau ez da inguru honetakoa bakarrik, baina Zumaian ondo errotuta dago, batez ere ahozko jardunean. Horren seinale, hara Abelin Linazisorok Baleike aldizkarirako egindako elkarrizketetako adibide batzuk:

·         Joxe Porte, 2005eko urrian: “ Rebista pasatzen hasi dek jeneral hau eta derrepente txokatuen keinuak eiten hasi huan”.

·         Bixente Esteibar, 2004ko ekainean: “Gogoratzen nauk behin patata zaharra eta puskatua eman zutela baratzan landatzeko. Mundu guztixak hartu zian, hi. Derrepente danak baserritarrak”.

·         Jontxu Altzibar, 2005eko azaroan: “Gaua oso iluna zeoan eta halako batian gutako batzuek poxpoloa piztu die. Jo! Hasi bazian hasi zian! Derrepente poxpoloak, txiskeroak, linternak…”.

·         Baxakarte, 2006ko abenduan: “Erriberetan eta hor leku zikin samarrak zaudek. Barrabas belarrak, belar txarrak, derrepente ertetzen duna askotan”.

 Beste adibide hauek, berriz, Baleike.eus gunetik hartutakoak dira, askoz berriagoak:

·         Libe Osa: “Niretzat lehen aldia zen. Loiolara iritsi eta orduantxe batek esan zuen Ertzaintza bidean zetorrela. Derrepenteko kontua izan zen”.

·         Luis Mari Aizpurua: “Hiltzen naizenean, azkar ibili, bestela denak derrepente botako dituzte-eta basuretara”.

·         Bosco Garitano: “Eta, derrepente, guk ezer egin gabe, Federazioaren ikurra jartzea debekatu digute”.

·         Esti Curiel:  “Urte oso bat joan gara erronkak gainditzen, eta derrepentean Azpeititik deitu ninduten, eskatu nuen egonaldia onartzen zutela esateko”.

·         Unai Eizagirre: “Derrepente kantatzen ikastea ez da erraza! Niretzat ere zaila izan zen kantatzen hastea”.

·         Jon Maia: “Orain, derrepente, hilabete batzuk daramatzat astean gai honen inguruko hiruzpalau hitzaldi ematen”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide