Zumaiako hitz bereziak: KONPA(RA)ZIO BATE(R)A

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko urr. 16a, 07:32

Argal-gizen bikote ezagunak zineman, konparazio batera, Laurel-Hardy eta Hill-Spencer

Zerbait azaltzen ari garenean, adibideak emateko oso baliagarria da lankide batzuek proposatutako lokailu hau. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Adibideak emateko orduan lotura egiteko erabiltzen dugun Zumaian “konparazio batera” (ahoz “konpazidxo/konpaziyo batea”) esapidea; “batean” eta “baterako” ere erabiltzen da. Pareko edo antzeko lokailuak dira honako hauek: adibidez, esate baterako, konparazione, kasurako...

Ez da inguru honetakoa bakarrik, baina Andoni Egañak gogoeta honetan azaltzen duen bezala, gure eskualdeko aitita-amamei asko entzuten genien garai batean, eta gero eta gutxiago erabiltzen dugu orain. Konparazioak asko laguntzen du azaldutakoa ulertzen.

Akelino Osa Elosuaren (1930-2015) adibidea daukazue bideo honetan, aitaren lanei buruz ari zela: “Konpazio batea, barkuak etortzen ziranian deskarga, barkua deskargatzea”.

Azkoitian “konparaixo batea” esaten dute, eta “komaitea” laburragoa ere bai: "Ordun gutxixo irabazte zan, komaitea, zuek lanin etatzezutenakin".

Zestoan, berriz, “konparaziyo batian/batea”: “Konpaaziyo batea, Arrua herri txikiya izan arren badu parrokiya”. Joan den astean bertan idatzi zuen Jon Artano zestoarrak zinemaz, eta handik ateratakoa da esaldi hau: “Bada Zestoan gizon bat Woody Allenen adinkidea, eta zinema hark adina maite duena. Gizon horrek bazuen, konparazio batera, beste inork gutxik berdinduko lukeen marka”. Esapide polit hori gogoratu eta aukera ona iruditu zaigu, testuko beste pertsonaia batzuen laguntzarekin, zuengana ekartzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide