Zumaiako hitz bereziak: ZIMITARIO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko aza. 6a, 08:55

Zumaiako mapa toponimikotik hartutako argazkia, L.F. Llavorirena.

Felixek proposatu digu aste honetako hitza eta nondik ote datorren galdetu ere bai. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Eliz atariaren ondoko aterpeari deitzen diogu Zumaian “zimitario” (ahoz “zimitadxua” edo “zimitayua”).  Hiztegietan “zimitorio” da forma estandarra, eta gehienbat Gipuzkoan erabiltzen dela zehazten dute. Garai batean elizaren atarian izaten zen hilerria, eta gaztelaniazko “cementerio” hitzaren parekoa da; badirudi hizkuntza erromantzeren batetik iritsi zaigula.

Zarautzen ere erabiltzen da, Antigoaleko hiztegian bildua du Txiliku idazleak, eta Zestoan ere “zimitayo” esaten dute. Azkoitian, berriz, “zimentoixopie” da.

Zumaian bada kuadrilla bat, gaztetan hor elkartzen zena, eta horregatik hartu zuen “Ximitaixo” izena, besteak beste kiroldegian eta hondartzan futbolean aritzeko.

Ahotsak.eus gunekoak dira lehen hiru adibide hauek:

Abelin Linazisoro: “Zimitaxuen goian zeon lokal haundi bat. Eta han lagun kuadrilla batek montatu ziyean antzoki bat eta han antzerki obra bat ein huan”.

Manuel Ugarte: “Ta haiek, frontoia haiek okupatzen ziyen. Ta gu, zimitayoa. Eliza azpira. Eliz-ataira gu”.

Ana Mari Etxabe: “Eta txerri hori ekartzen zun txiki-txikidxa, oso politta (…) Egunero-egunero-egunero ateatzen zun, kurrin, kurrin, kurrin, zimitadxoaiño”.

 Baleike aldizkarian Abelin Linazisorok berak egindako elkarrizketetakoak dira beste bi hauek. Jose Manuel Manterola kontatutakoa ba, 2005eko martxoan:

Hamaika hartu zian Juan Mari Antiak! Beti zimitaxuan haserratzen gitxuan. Zimitaxua beaixena zala. Han inguruan beste frontoirik ez zeoan, ba, eta hantxe hasten gitxuan borrokan.

 Eta Donato Bidasorok esandakoa bestea, 2004ko azaroan:

Gu zimitaxuan ibiltzen ginan jolasian eta errosaxua hasteko momentuan, barrura.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide