Zumaiako hitz bereziak: MUSKIRA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko aza. 13a, 08:14

Kandela ederrak ikusten dira batzuetan (Argazkia: CC search).

Gripea, birusa eta burutik beherakoak nahasten ari zaizkigun honetan, Peruk proposatutako hitza ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Mukiari deitzen diogu Zumaian “muskira”, hau da, bereziki sudurretik jariatutako  substantzia likatsuari. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, “muzkil” eta “mazkilla” ere erabili izan dira esanahi berarekin Euskal Herriko beste toki batzuetan.  

Inguruko hiztegi edo liburu batzuetan gurean bezala erabiltzen dutela ikusi dugu. Esaterako, Agurtzane Azpeitiaren Zestoako erretolika lanean jasota dago “muskira”, eta Eibarko Udalak herriko euskararen inguruan egindako hiztegian ere ageri da.

Zumaiako adibide batzuk emango ditugu. Abelin Linazisorok Joxe Manuel Manterolari egindako elkarrizketan, 2005eko martxoan Baleike aldizkarian argitaratua: “Tintuxenean, muskira daxolaka zebiltzan umeekin batera ibili gitxuan”.

Ahotsak.eus-en Adora Osa Arrizabalagak ere aipatzen du elkarrizketa honetan:

Olarruak kartzen dianian jarri balde batian tapatuta ta hurrungo egunian banaka- banaka baldea, ur garbixa jarri baldian ta banaka-banaka eskuakin ondo igurtzi ta garbitu, ta muskira bezela lika bezela kentze zako eta hurrungo egunian ere berdin.

 Anaiaren adibidea beste hau, Angel Osarena, Xantirekin batera elkarrizketatu zutenekoa:

Kutxa ta nola dao, Caja Laboral alde batian, han’e eukizuen denda (…), Olaizola o, ta karo eskaparate haundidxa zekan ta hor jartze zituen zea jugete pillua (…) ta gu muskira dayola, zea kristala muskirakin betia zala, danak hantxe hayei beira…

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide