Zumaiako hitz bereziak: ZINKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko aza. 20a, 08:35

Orain lurrez beteta dago, baina bisigu pilo ederra sartzeko lekua du Benturarena izandako zinkak. (argazkia: Imanol Azkue)

Mertxek proposatutako hitza ekarri dugu aste honetan; txikitan iturrira makina bat joan-etorri egin omen zituen zinka hartuta, etxean urik ez zeukatelako. Proposamenak edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Batez ere arropekin edo arrainekin erabiltzen zen ontzi handia da “zinka” Zumaian. Zinkez egindakoa delako hartu du izena; metal zuri-urdixka bat da zinka, teilatuak estaltzeko eta tutuak egiteko ere asko erabilitakoa. Ondarroa, Mutriku, Getaria eta Donostia aldean ere esaten dute hitz hori ontziari deitzeko.

Brigida Ibarbia eta Estanis Azkue bikoteari entzundako kontua da hau: Martxela eta Justa Txulo ahizpak zinkakada antxoa hartuta etortzen zirela Getariatik. Periko Galleguak laguntzen omen zien, kotxe txiki xahar batean. Zubiaunditik hasten omen ziren saltzen, eta batzuetan Zubitxikira iristerako antxoarik ez! San Anton inguruan, berriz, bisiguz beteta ekartzen zutela zinka. Zarautzera ere joaten zirela kontatzen dute bi getariarrek hemen (1:40 inguruan).

Estanisen ama zen Bentura Elorriaga, eta arropa garbitzera albergara eramateko erabiltzen omen zuen argazkiko zinka. Magdalena Egañak ere berdintsu, Ahotsak webguneko elkarrizketan (1:45etik aurrera) kontatzen du zinkan sartuta eramaten zituztela arropak albergara. Imanol Azkuek artikulu honetan idatzitakoak ere hona ekartzea merezi du:

“Txikitako oroitzapen bat datorkit burura: Pakita Porraja San Telmo kalean gora, pausoa mantso eta tente, buru gainean zinka bete arropa garbituekin, ermitarako bide bazterreko sasitzan arropak lehortzen jartzera”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide