Besteren batek agindutako betekizunari edo kalean erosi beharrekoari deitzen diogu Zumaian “mandatu”. Askotan pluralean erabiltzen da “mandatuak”, hau da, “enkarguak” edo erosketak egitea. OEH hiztegiaren arabera, XVI. mendetik aurrerako idatzietan askotan agertzen da. Ez da Zumaian bakarrik erabiltzen den hitza, noski, ahotsak.eus guneko bilatzailean 27 herritan bildutako adibideak ikus daitezke: Aramaio, Durango, Errenteria, Etxarri Aranatz…
Zumaiako adibideei dagokienez, Abelin Linazisorok Irene Yeregiri egindako elkarrizketakoa da lehenbiziko hau, 2007ko otsailean Baleike aldizkarian argitaratua:
- Ba al dakizu nola eiten giñun mandatuak? Gure amak balkoian eskoba bat jartzen zun, aurrian Karlota Sanchez eta hauek bizi zian, eta eskoba ikusten zunian gurera etortzen zan.
Bigarrena Kontxita Urangak esandakoa da, 2009ko otsaileko elkarrizketan:
- Eta deskuiduan moitzen bahintxan, han hittuan hire gañian Zumaiko rekete txarri hauek! Horreatik gu Zumaira ez gitxuan jun ere eiten. Nahitanahiezko mandatu bat edo beste, bestela, Bonbillon.