Zumaiako hitz bereziak: ONDRA(D)U

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko ots. 5a, 08:31

Soinekoa ondrau ez geratzeko neurriak hartzen. (Argazkia: Ricardo Martin, 1930, Gure Gipuzkoa)

Brigidak esandako hitza ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Justu-justukoa izan gabe, tartea daukanean erabiltzen dugu Zumaian “ondrau” adberbioa, “ondradu” izenondoarekin lotutakoa. Elhuyar hiztegiaren arabera, Gipuzkoako beste herri batzuetan “ondroso” erabiltzen da esanahi berarekin, batez ere arropa “lasaia” izendatzeko (soineko ondrosoa, ondrau edo lasai geratzea) edo “ugaritasuna” adierazteko, esaterako janari kontuekin (bazkari ondrosoa, ondrau edo ugari ematea).

Orotariko Euskal Hiztegian ere bada adibide polit bat, gure eskualdean jasotakoa:

Esnia ondrau bota dit esnezaliak, neurriya baño geyo.

 Hemen Uztapide bertsolariaren adibide bat, Lengo egunak gogoan liburutik hartutakoa:

Zañez ondroso egonagatik

okelaz gaude urriak;

gizonak argal egoten gera,

gizentzen dira zerriak.

 Xenpelar bertsolariak ere badu beste adibide bat, “Betroiarenak” sortan:

aragiya galdu,

larrua ona du,

ezurrak onradu;

frantzesak nai badu,

laban-kirtenetako

obe det saldu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide