Zumaiako hitz bereziak: TXINTXARRIKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko ots. 12a, 08:35

Olagarroak txintxarrika jolasean (Ander Hormazuriren irudia,  2013ko egutegitik hartutakoa).  

Abelinek esandako jolas bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Lurrean karearekin marra batzuk egin eta hanka baten gainean harri bat mugitzeko jolasari esaten diogu Zumaian “txintxarrika”. Oikian “letokoka” ere erabili izan dute. Oro har ezagunagoa da “txingoka”, eta beste izen asko ere baditu jolas honek: txingaka edo akiaketan (Getarian), altxerriñen eiñ (Aia), andandarrian (Deba), ankatxiñian (Errezil), tokoka (Beasainen eta Urretxun), famiaka (Elantxobe), iñtxuñtxur (Etxebarria), sankarranketan (Oñati), selemiñaka (Berriz), txingarreala (Jaurrieta), txiñtxargiñen (Azkoitia), txintxurriska (Bergara), txunetan (Pasaia), etab. Zerrenda handiagoa ikus daiteke Euskaltzaindiaren EHHA proiektuko mapa honetan.

Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian Emili Ibarbiari 2006ko martxoan egindako elkarrizketan topatu dugu Zumaiako adibide hau:

  • Neskak neskaekin soka-saltuan, lurrian kareakin edo harriakin raiak ein eta txintxarrika eta horrela. Eta mutilakin pelotan, baina apaizak ez zigun uzten alkarrekin jolasian ibiltzen eta hura azaltzen zanian, ospa. Mutilak martxa edo bestela neskak martxa.

Adora Osak ere ahotsak.eus guneko bideo batean kontatzen du txikitan askotan ibiltzen zirela txintxarrika.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide